Bankoa-DV Torneoaren finaletan, Antton Apezetxea eta Beñat Apezetxea

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 00:00

Antton Apezetxea goizuetarra, Ereñotzuko frontoian jokatutako partidu batean.

Gaur jokatuko dituzte finalak, 11:00etan hasita Zarautzen: nagusiena Anttonek, promesena Beñatek.

Zarauzko Aritzbatalde frontoian daukate hitzordu garrantzitsua, gaur goizean, bi esku pelotari goizuetarrek: Antton Apezetxeak eta Beñat Apezetxeak. Bankoa-DV Torneoaren finalak jokatuko dituzte, 11:00etan hasita.

Nagusien mailakoan ariko da Antton Apezetxea, Elolarekin batera; eta Igoa eta Ugartemendia izango dituzte aurrez aurre. Beñat Apezetxeak, bere aldetik, Arroitarekin batera jokatuko du promesa mailako finala, Amianoren eta Lozaren kontra.

Gipuzkoako Txapelketan, berriz, buruz buruko final laurdenetako partiduak izango dituzte bi hernaniarrek, bihar, Hernaniko frontoian. Aurrena, 11:00etan hasita, kadeteen lehenengo mailakoa jokatuko du Oier Azpeitiak, Lapkeko Izagirreren kontra, ezustekoa emateko asmoz. Eta segidan, Julen Deskargak jokatuko du, jubenilen bigarren mailan, Ataungo Contrerasen kontra. Partidu berdindua espero da.

Gabonetako Txapelketa gaurtik martxan, Hernanin

Gainera, gaur bertan hasiko da, Hernanin, Gabonetako Txapelketa. CD Hernaniko pelota eskolako 36 pelotari benjamin eta alebinek hartuko dute parte, buruz buru, hiru mailatan. Lau jardunaldi izango dira guztira, eta gaur jokatuko da aurrenekoa, 15:30etan hasita, kiroldegiko frontoian. 20 partidu jokatuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!