Uholdeak izan ziren protagonista duela urtebete, Urumea bailarako hamaika txoko hartuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 00:00

Portu eta Karabel arteko bidegorria eta ibaiaren ondoko baratzak, urak hartuta.

Joan den urteko abenduaren 10ean, urak hartuta esnatu ziren bailarako toki asko: Andre Gobadarien parkea edota Pelotari Kalea Astigarragan, Landare eta Zubipe zelaiak eta Karabeleko eta Portuko baratzak Hernanin; Fagollagako bidea Ereñotzun; eta Olatxoko zubia Goizuetan.

Nahi baino ohikoagoak izan arren, uholdeak beti dira ezusteko albiste, Urumea bailaran. Eta hala izan ziren duela urtebete ere, abenduaren 10ean urak hartuta esnatu zirenean bailarako hamaika txoko. Horrela, kasik igerilekuak ziruditen Pelotari Kaleak edota Andre Gobadarien ibai parkeak, Astigarragan; Zubipe eta Landare zelaiek zein Karabeleko eta Portuko baratzek, Hernanin; Fagollagako errepideak Ereñotzun; eta Olatxoko zubiak Goizuetan.

Etengabeko euriteen eraginez, oso azkar egin zuen gora Urumea ibaiaren mailak, abenduaren 9ko arratsaldean. Bi metroko altuera gainditu zuen Ereñotzuko estazioan, eta ura ateratzen hasi zen pixkanaka, uholdeek aurrena eragiten dituzten tokietan. Egoerak okerrera egin zuen gau horretan, Ereñotzun 2,87 metroko mailara iristeraino, eta saihestezinak izan ziren uholdeak. Eguna argitzerako, ahateek hartua zuten jendearen lekua, Andre Gobadarien ibai parkeko paseoan. Eta ibaiaren beste aldean, baratzak ez ezik, urez beteta ageri ziren Abiadura Haundiko Trenaren (AHT) obrak: ikustekoa zen, nola zeuden erdiraino urez estalita kamioi haundiak. Hernani eta Goizueta arteko errepidean, trafikoa oztopatu zuen urak, eta Aranon, eskolara zein lanera joan ezinik geratu ziren herritarrak.

Portu eta Karabel arteko bidegorria eta ibaiaren ondoko baratzak, urak hartuta.


Bizpahiru egunez egon ziren urak hartuta, bailarako zenbait toki, euriak ere ez zuelako berehalakoan atsedenik eman. Eguraldiak hobera egin zuenean, eta ibaia bere bidera bueltatu zenean, lokatzak hartu zuen uraren lekua. Hondartzak ziruditen futbol eta errugbi zelaiek, esaterako; eta auzolan gogorra behar izan zuten kirol klubek, horiek bere onera bueltatzeko. Lan eskerga izan zuten ibai ondoko baratzen jabeek ere: luze jo zuen lurrak berriro erabilgarri izan arteko bideak, haientzat.

Abenduko uholdeen aurretik, azaroan ere izan ziren euriteak bailaran, eta ura atera zen Landaren eta zenbait baratzetan, besteak beste. Eta gerora ere, bailarako uholde arriskua begibistakoa izan zen: urak hartu zituen aurrez aipatutako toki horiek guztiak, berriro ere.

Azkeneko 11 hilabete hauetan, urruti xamar geratu dira uholde kontuak praktikan, udazken hau ez baita euritsua izan. Baina oso presente jarraitzen dute Hernaniko eta Astigarragako udalen zein URA Agentziaren agendetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!