Txukun eta fin aritu dira bailarako bertsolariak, maila oso altuko txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 00:00

Erregistro eta ikuspuntu askotatik kantatzeko gaitasuna duela erakutsi du Eñaut Martikorenak, txapelketan zehar.

Puntuak puntu, maila bikaina erakutsi eta ale ederrak utzi dituzte bailarako bertsolariek Txapelketa Nagusian. Finalean abestuko duten ordezkariez gain, finalaurrekoetako bigarren itzuliraino iristea lortu dute hiruk: Unai Agirrek, Agin Laburuk eta Eñaut Martikorenak. 

Fin aritu dira, aurtengoan ere, Urumea bailarako bertsolariak. Lau ordezkari izango ditu bailarak final haundian, baina gainontzekoek ere ale ederrak utzi dituzte hilabete hauetan zehar. Azkenaurreko fasera iristea lortu dutenak Agin Laburu astigartarra eta Unai Agirre eta Eñaut Martikorena hernaniarrak izan dira. 

Laburuk txapelketa hasi zen egunean, irailaren 24ean, hasi zuen ibilbidea. Bere asmoa txapelketan zehar, pixkanaka, hobetzen joatea zen, fresko eta maila txukunean iristeko azken fasera. Kiniela askotan agertzen zen Labururen izena finaleko hautagaietako baten forman, eta, lortu ez duen arren, txukun aritu da. Gogoan geratuko da Elizondon, Joanes Illarregirekin batera, puntuka osatutako saioa. Hauxe izan zuten gaia: «Foruzainak zarete. Zuen txanda amaitzeko denbora egiten ari zarete autoa behar ez den lekuan utzita. Beste polizia auto bat gerturatzen ari zaizue. Nagusiarena da». Astigartarrak erakutsi zuen maisua dela puntukako ariketan, «Alperra izatea ez da gure kulpa», «Baino bera ere hola egoten da sarri» eta «Lasai, nagusia da, ez da zure ama» gisako irtenaldiekin.

Ale ederrak utzi dituzte Unai Agirrek eta Agin Laburuk, txapelketa honetan ere.


Martikorenaren ibilbidea ere lehen fasean hasi zen, Donostian. Hasieratik erakutsi zuen bertsokera berezia duen bertsolaria dela, eta lilura sortu zuen Victoria Eugeniako bertsozaleen artean. Txinpartak atera zizkion ganbarako gaiari, eta bertso bikain bat osatu zuen hamarreko txikian, ligatzeko bilobari laguntza eskatzen ari den aitonaren larrutik: «Ez hor ikusiko nau osoik familiak; nik ezkutuan bildu nahi ditut liliak; bukaera izan dezan nere bigiliak; berriz ere sentitu nik kili-kiliak; hemen guztitakuak baitira filiak». Txapelketa osoan zehar erakutsi du erregistro eta ikuspuntu askotatik kantatzeko gaitasuna duela, eta finalaurrekoetako bigarren itzulira iritsi da bere lehen partehartzean.

Unai Agirrek ibilbide laburragoa izan du txapelketan. Aurreko edizioko finalista izanik, Elizondon sartu zen txapelketan, finalaurrekoetan. 652 puntu lortu zituen lehenengo saio hartan, eta aukera gutxirekin joan zen Baionara, bigarren itzuliko saiora. Agirrek berak aitortu zuen hasierako agurrean: «Saioaren ederrak behar dun gestutik; arrasti on Baiona jarrera prestutik; nahiz ta nekez pasatu enbutu estutik; bai serioyotik edo sake errestutik; gozatuko al degu elkarren eskutik». Ez zuen enbututik pasatzea lortu, baina majo gozatzeko hamaika motibo eman zizkion Baionako bertsozaleari.

Asier Azpiroz (kantuan) eta Nere Elustondo (atzean erdian), finalaurrekoetara sailkatu ziren.


Aurreko faseetan ere maila bikaina, bailara inguruko bertsolariek

Finalaurrekoetako lehen itzulian bukatu zen txapelketa Nerea Elustondorentzat. Puntuazio altua lortu zuen lehenengo fasean, Getxon: 695 puntu eskuratuta pasa zen finalaurrekoetara. Bigarren saioan Donibane-Garazin kantatzea egokitu zitzaion, eta, hirugarren postuan amaitu zuen arren, puntuaketa bajua (628) geratu zitzaion.

Saio berean abestu zuen Asier Azpiroz zubietarrak ere. Lizarrako saioak balio izan zion bere lehenengo Txapelketa Nagusian aurrera egiteko; baina finalaurrekoetako lehenengo itzulitik ezin izan zuen pasa. Bertso txukunak izenpetu zituen.

Azkenik, Unai Gaztelumendik ez zuen lortu lehen fasean aurrera egitea. Lizarran kantatu zuen, Azpirozekin batera, lehenengo faseko azken saioan. 

Maila haundiko txapelketa osatu dute bailarako bertsolari guztiek, eta hemendik bi urtera izango dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan lehiatzeko aukera. Ordura arte, final haundiaz gozatzea eta plazaz plazako jardunarekin jarraitzea besterik ez zaie geratzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!