Herrietako eragileei aitortza egin zaie Buthan proiektuaren barruan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 15a, 00:00

Horrekin batera pegatina bat eman zaie leku ikusgarri batean jartzeko. Etxeetara aldiz, eskuorriak banatu dira berri emateko.

Bhutan proiektuaren baitan aurtengo kanpainan balorean jarri nahi izan dira Goizueta eta Arano herrietako eragile, komertzio, taberna eta bestelako gune hezigarri garrantzitsuak. Erleak eztia egiteko prozesuan bezala, eragile bakoitzak egiten duen ekarpenari esker, herri bizia, tratu onez josia eta zaintzailea eraikitzeko alea ereiten da.

Horregatik, eragile hauei egiten duten lana aitortu nahi izan zaie gutun bat helaraziaz. Horrekin batera pegatina bat eman zaie leku ikusgarri batean jartzeko. Herrietako etxeetara aldiz, eskuorriak banatu dira proiektuaren berri emateko eta herritarrak pegatina hori duten guneak identifikatzera animatzeko, gune hauek zaintza eta parte-artzearekin lotutako gune bezala identifikatu eta hauei dagokion balioa emateko.

Goizueta eta Aranoko eragile ezberdinek osatutako Bhutan proiektua 2016. urtean abiatu zen. Proiektu honek zoriontasuna, prebentzioa eta berdintasuna oinarri duten bi helburu nagusi ditu: lehenengoa herritarren arteko tratu onak bultzatzea eta bigarrena auzokideen arteko harremanak sendotzea. 
Iaz herritarrek helarazitako behar bati erantzunez, Bhutan proiektuaren nondik norakoak ezagutzera eman ziren Arano eta Goizuetako herrietan. Momentu hori aukera paregabea izan zen herritarrek proiektuarekin lotuta identifikatzen zituzten erronkak zeintzuk ziren ezagutzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!