Iritsi da bertsolaritzaren egunik haundiena, lau urteroko zikloan. Igande honetan jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala, Iruñeko Nafarroa Arenan. Oholtzan zortzi eta harmailetan 13.000 aulki egongo dira beteta, irailetik baitaude agortuta sarrera guztiak. Oholtzako zortzien jabeak, duela bi astetik daude zehaztuta: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Alaia Martin, Sustrai Colina eta Joanes Illarregi.
Zortzi protagonistak Nafarroa Arenan bertan izan ziren atzo, finalaren aurkezpen ekitaldian, Bertsozale Elkarteko Oier Iurramendirekin eta Gontzal Agoterekin batera. Iurramendik nabarmendu zuen, «esperientzia eta bizipen ugari» izan direla txapelketako 13 saioetan, eta «mimoz» antolatzen ari direla azkenekoa ere: «Egun eder bat izateko osagai guztiak ditu», adierazi zuen hernaniarrak, txapelketako koordinatzaile lanetan ari denak. Agotek, bere aldetik, adierazi zuen «bertso plazaren islada» izan dela txapelketa; «plazaren errealitatearen eta aniztasunaren islada». Zentzu horretan, nabarmendu zuen bete egin dela txapelketa hasi aurretik zeukaten «intuizioa»; alegia, bertsozaleek bazeukatela gogo berezia «txapelketa honetan gauzak konpartitzeko, elkartzeko eta gozatzeko. Eta hala izan da, bertsozaleek ederki erantzun diote txapelketari. Aretoak bete dituzte, partehartzaileen lana eta ahalegina balioetsi dute, eta gozatu egin dute».
Bertsolariek ere hartu zuten hitza, orain arteko ibilbidea eta finalerako duten aldartea kontatzeko. Maialen Lujanbiok azpimarratu zuen, «egun ederra» izango dela «seguru», eta final honek «esangura haundia» daukala, belaunaldi helduagoak eta gazteagoak elkartu direlako, hiru emakume ariko direlako aurrenekoz, eta Iruñean izango delako. Aitor Mendiluzek, berriz, nabarmendu zuen «sentsazio gozoarekin» iritsi dela finalera, «erosotasun eta kokapen sentsazio on batekin» aritu delako bertsotan. «Poz izugarria» daukala aitortu zuen Nerea Ibarzabalek, ibilbide «luze, eder eta intentso» honetan asko ikasi duela, eta finalean «edertasun eta maitasun horri lekua» egin nahi diola, «arduratik eta kontzentraziotik». Eta Beñat Gaztelumendi ere «ilusioz eta gogotsu» azaldu zen, «bertsokide hauekin kantatzeagatik», hasieran zeuzkan zalantzak uxatu eta bertsotan «oso gustura» aritu ondoren.
Gomendioak eta oharrak, finalera begira
Bertsozale Elkarteko kideek azaldu zuten, 2.600 entzule joango direla 65 autobusetan; eta autoz joango direnei, deia luzatu zieten «garaiz ibiltzeko, eta proposatutako ibilbide eta aparkalekuak erabiltzeko».
Goizeko 09:00etan irekiko dituzte Nafarroa Arenako ateak, eta 11:00etan hasiko da finala. 14:30ak aldera bukatuko da goizeko saioa. Bazkalordurako, bi aukera proposatu dituzte. Batetik, menua eskainiko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kirol instalazioetan, Zubillaga Catering enpresaren eskutik, 24 euroan. Txartelak eskuragarri daude bihar arte, bertsosarrerak.eus webgunean; eta menu beganoa ere badago aukeran. Eta bestetik, Sadar futbol zelaia irekiko dute, jatekoa etxetik eramango dutenek babesean bazkaldu ahal izateko. Bertan, taberna eta komunak ere izango dituzte erabilgarri, eta musika jarriko dute.
Arratsaldeko saioa 17:00etan hasiko da, eta ordubete lehenago irekiko dituzte Nafarroa Arenako ateak, berriro.
Jarraipen berezia Kronikak, finalaren aurretik, bitartean eta ondoren
Ohi bezala, finalaren jarraipen berezia egingo du Kronikak, are sakonagoa aurten. Izan ere, gehigarri berezia argitaratuko dugu larunbat honetan, bost elkarrizketa sakonekin. Horietatik lau, izango dira finalean ariko diren bailarako ordezkariei egindakoak: Maialen Lujanbiori, Aitor Mendiluzeri, Nerea Ibarzabali eta Beñat Gaztelumendiri. Eta bosgarrenean, Oier Iurramendi izango da protagonista, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren koordinatzailea. Elkarrizketa horiek, aste honetan zehar ari gara argitaratzen, goizero bana kronika.eus webgunean.
Igandean, berriz, finala bertatik bertara jarraituko du Kronikak, Nafarroa Arenan; eta zuzeneko jarraipena egingo diogu webgunean eta sare sozialetan. Eta astelehenean, beste ale berezi bat kaleratuko dugu, finalaren nondik norakoak, bertsoaldi onenak, eguneko argazkiak, protagonisten adierazpenak... bilduta.