Ekaitz Narbartek jokatuko du Nafar Jokoetako final haundia

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 13a, 00:00

Goizuetarrak 25-24 irabazi zion semifinala Martin Etxeberria herrikideari, joan den ostiralean Goizuetan.

Partidu ederra zen jokatzekoa ostiral arratsaldean, Goizuetako frontoian; eta are ederragoa egin zuten bi protagonistek: Ekaitz Narbartek eta Martin Etxeberriak. Bi palista goizuetarrek elkarren kontra jokatu zuten Nafar Jokoetako buruz buruko semifinala, nagusien hirugarren mailan. Eta ikuskizun bikaina eskaini zuten, bertaratuen gozamenerako. Oso berdindua izan zen bien arteko lehia, eta 24na iritsi ziren azkeneko tantora. Horretan, Narbarte nagusitu zen, eta berak lortu zuen final haundirako pasea, garaipen ezin estuagoarekin (25-24).

Txapelketa osoan zehar izan dira protagonista goizuetarrak, maila horretan. Lau semifinalistetatik bi ziren herrikoak, eta final laurdenetan geratu zen txapelketatik kanpo Mikel Huizi goizuetarra, Martin Etxeberriaren kontra galduta (24-25), hain justu.

Ekaitz Narbartek datorren larunbatean jokatuko du finala, Iruñeko Labriten, 09:30etan hasita. Mutilendako taldeko Salvador izango du aurrez aurre, txapela janzteko lehian.

 

Enara Macicior eta Ane Kerejeta, Sakanako Txapelketaren semifinaletan

Gipuzkoako Txapelketa bukatuta, Etxarri Aranatzen ari dira Enara Macicior eta Ane Kerejeta hernaniarrak, egun hauetan, Sakanako Txapelketa jokatzen. Bi nafarrekin batera ari dira jokatzen: Macicior, Etxarri Aranatzeko Naroa Otxoarekin; eta Kerejeta, Soraurengo Leire Artazkozekin.

Ligaxkako partiduak jokatu dituzte orain arte, eta bi hernaniarrek lortu dute semifinaletara pasea. Maciciorrek eta Otxoak aurreneko postua lortu dute multzoetako batean, bi partiduak irabazita; eta Kerejeta eta Artazkoz bigarren bestean, partidu bat irabazi eta bestea galduta. 

Hori horrela, elkarren kontra ariko dira bi hernaniarrak, txapelketaren semifinaletan, asteburu honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!