Baztandik Urumeara hiru txapel, eta Miguel Soroa Memorialetik beste bat

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 13a, 00:00

Imanol Ormazabal, Ekhi Oses eta Lier Zugasti, Baztango txapelekin.

Txapeldun izan dira Imanol Ormazabal, Lier Zugasti eta Ekhi Oses Baztango Txapelketan, eta Ekain Lizeaga Miguel Soroan.

Txapel sorta ederra pilatu dute bailarako esku pelotariek, joan den asteburuan. Zehazki, lau lortu dituzte, bi torneo pribatutan: Baztango Txapelketan hiru, Imanol Ormazabal astigartarrak eta Lier Zugasti eta Ekhi Oses hernaniarrek; eta Miguel Soroa Memorialean bestea, Ekain Lizeaga astigartarrak.

Infantil mailako bi finaletan gailendu ziren bailarako pelotariak, Baztanen; eta bietan irabazi zuten nagusitasunez. Bigarren mailako finalean, 18-4 irabazi zuten Ormazabalek eta Zugastik, Lodosako Armendarizen eta Sa­lanuevaren kontra, Amaiurren. Eta lehenengo mailakoan, emai­tza berarekin irabazi zuen Osesek Elizondon, Behar Zanako Adur Otaegirekin, Leitzako Bidarten eta Orejaren kontra. Garaipen horiekin, lau txapelketa irabazi dituzte CD Hernaniko esku pelotariek, denboraldi honetan.

Miguel Soroa Memorialean, Ekain Lizeagak irabazi eta Beñat Apezetxeak galdu

Tolosako Beotibar frontoian jokatu zituzten, igandean, Miguel Soroa Memorialaren finalak. Bailarako bi esku pelotari aritu ziren bertan: Ekain Lizeaga astigartarra lehenengo mailakoan, eta Beñat Apezetxea goizuetarra promesen finalean.

Garaipen haundia lortu zuen Lizeagak, Irurtzungo De la Fuenterekin batera, Fernandezen eta Olidenen kontra. Beraiek lortu zituzten partiduko aurreneko tantoak, eta hori baliatu zuten 10-22 nagusitu eta txapela janzteko. Apezetxeari, ordea, txanponaren beste aldea tokatu zitzaion, eta 22-16 galdu zuen Unax Landa oiartzuarrarekin batera, Amianoren eta Peñalverren kontra. Ondo ekin zioten partiduari (0-6), baina buelta emateko gai izan ziren kontrarioak.

Gipuzkoako Txapelketan, bestalde, garaipen garrantzitsuak lortu zituzten bi hernaniarrek: finala jokatzeko sailkatu da Ekhi Oses, infantiletan, Ilunpeko Ansola menderatuta (8-6 eta 8-1); eta final laurdenetara pasea lortu du Jon Jarak, nagusien bigarren mailan, Murumendiko Leundari irabazita (22-6).

Garikoitz Arizmendi seniorra eta Martin Alberdi kadetea, aldiz, txapelketatik kanpo geratu di­ra, final zortzirenetan galduta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!