Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finaleko ale berezia, eta elkarrizketak egunero 'Kronika.eus'en

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 12a, 09:13

Igandean jokatuko da BTNko finala, Iruñean; eta horri buruzko ale berezia argitaratuko du Kronikak, larunbatean. Horren aurretik, aste honetan zehar, bost elkarrizketa argitaratuko ditugu 'Kronika.eus'en, goizero bana: Oier Iurramendi, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio.

Oso egun seinalatua da datorren igandekoa, Urumea bailarako bertsozaleentzat. Izan ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko da, Iruñeko Nafarroa Arenan; eta oholtza gainean izango dira bailarako lau ordezkari: Maialen Lujanbio hernaniarra, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi (Hernaniko Bertso Eskolako kideak), eta Nerea Ibarzabal, Hernanin bizi den markina-xemeindarra.

Hori horrela, finalari eskainitako ale berezia argitaratuko du Kronikak, larunbat honetan. Lau bertsolariei egindako elkarrizketak bilduko ditu bertan, eta baita bosgarren bat ere: Oier Iurramendi hernaniarrari egindakoa, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren koordinatzailea baita bera.

Bost elkarrizketa horiek, gainera, 'Kronika.eus' webgunean argitaratuko ditugu aldez aurretik: aste honetan zehar, egunero bana. Goizeko 11:00etan argitaratuko dugu elkarrizketa bat egunero.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!