Ikasle mugimenduek bi grebarako dei egin dituzte abenduaren 14rako eta abenduaren 15erako

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 11a, 00:00

Irakasleek deitu dute asteazkeneko greba eta Ikasle Sindikatuak bat egin du. Ostegunekoa berriz Ikama ikasle antolamenduak deitu du.

Joan den azaroaren 30ean, greba masiboa egin zen hezkuntzan EAJ-PSEren hezkuntza lege pribatizatzailearen aurka eta euskal eskola publikoaren alde. «Arrakasta horren ondoren, datorren abenduaren 14an Ikasle Sindikatuak dei egiten du ikasleen greba orokorrera, kaleetara ateratzeko gure irakasleekin batera, STEILAS, LAB eta ELA sindikatuek deitzen dutena». Manifestazioa arratsaldeko 18:00etan irtengo da, Donostian, Alderdi Ederretik.

Ez da greba egun bakarra izango. Hurrengo egunean, abenduaren 15ean, ere greba deialdia dago. Kasu honetan Ikama (Ikasleria Martxan) antolakundeak deitu du. «Gaur egungo hezkuntza sistemak hamaika ertzetatik zapaltzen gaituela ikusirik Euskal Herriko hegoaldeko hiriburuetan mobilizazioak deitu ditugu datorren abenduaren 15ean, gure neurrira egongo den hezkuntza bat aldarrikatuz. Beraz, bailarako ikasleriari dei egiten diogu, 12:00etan Donostiako Alderdi Ederretik abiatuko den mobilizaziora. Elkarrekin lortuko dugu gure neurrira dagoen hezkuntza bat!».

 

«Hezkuntzan aldaketak behar dira»

Abenduaren 15eko greban Ikamak; hezkuntza feminista, inklusiboa, euskalduna, ekologista eta ikasleen neurrira egindakoa aldarrikatzen du. «Ikastetxeetako segregazioak bere horretan jarraitzen du, ikasleon beharrek erdigunean egon gabe jarraitzen dute eta pedagogia eredua ere ez dago ikasleriari egokituta. Ikastetxeak ez dira espazio seguruak emakumeentzat eta euskarak ez du tokirik hainbat eta hainbat institutuetan. Azken batean, hezkuntzak gure neurrira egon gabe jarraitzen du».

Abenduaren 14eko mobilizazioek EAJ-PSEren hezkuntza legea dute jo muga. «Lege horrek itunpeko ikastetxe pribatuen patronalei eta Eliza Katolikoari baliabide gehiago emateko asmoa du. Kalitatezko hezkuntza publikoa jasotzeko dugun eskubidearekin amaitu nahi dute». EAJk hezkuntza pribatizatuen dagoen lurraldea bihurtu du EAE estatu mailan, eta bigarrena Europa mailan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!