Baztango Txapelketako finaletan bihar, bailarako hiru esku pelotari

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 10a, 00:00

Imanol Ormazabal astigartarra eta Lier Zugasti eta Ekhi Oses hernaniarrak.

Amaiurren ariko dira Imanol Ormazabal eta Lier Zugasti, eta Elizondon jokatuko du Ekhi Osesek.

Jaiegunak eta zubiak aprobetxatuta, partidu ugari jokatu zituzten ostegunean eta ostiralean, bailarako esku pelotariek. Baina asteburuan ere, hitzordu ugari izango dituzte, eta horietako batzuk oso garrantzitsuak.

Amaiurren eta Elizondon jokatuko dituzte partidu nabarmenenak, Baztango Txapelketaren finalak lehiatuko baitituzte bihar goizean, CD Hernaniko hiru esku pelotarik. Infantilen bigarren mailakoa jokatuko dute Imanol Ormazabal astigartarrak eta Lier Zugasti hernaniarrak, 11:30etan hasita, Amaiurren. Lodosako Armendariz eta Salanueva izango dituzte aurrez aurre, eta nafarrak izango dira faborito. Edonola ere, Ormazabal eta Zugasti bere mailan arituz gero, gai dira ezustekoa emateko.

Infantilen lehenengo mailako finalean, berriz, Ekhi Oses hernaniarra ariko da, Behar Zanako Adur Otaegirekin batera. Elizondon jokatuko dute, bihar 10:30etan, Leitzako Bidarten eta Orejaren kontra. Oses eta Otaegi izango dira faborito, txapela janzteko. Hernaniarrak, atzo iluntzean jokatu zuen beste partidu garrantzitsu bat, Azpeitian: Gipuzkoako Errendimendu Txa­pelketaren finalerdia zeukan, Ilunpeko Ansolaren kontra.

Gainerako kategorietan ere izango dituzte partidu garrantzitsuak, gaur, esku pelotari hernaniarrek. Buruz Buruko Gipuzkoako Txapelketan, azken fasea hasiko dute Garikoitz Arizmendi seniorrak eta Martin Alberdi kadeteak. Hernanin ariko da Arizmendi, gaur 11:00etan, Aretxabaletako Zugastiren kontra. Alberdik, berriz, Tolosan jokatuko du 11:30etan, Ugartemendia tolosarraren kontra, bere sasoi-puntu gozoa baliatu eta ezustekoa emateko asmoz.

 

Iker Salaberriak irabazi, eta Hodei Expositok ezin jokatu

Profesional mailan, bestalde, da­goeneko jokatu dituzte aste honetako partiduak Iker Salaberria goizuetarrak eta Hodei Exposito astigartarrak, Promozioko Binakako Txapelketan. Elkarren kon­tra ziren jokatzekoak ostegune­an, baina astearteko partidua es­kuetako minez bukatu zuen Expositok, eta ez zen bailarakoen arteko lehiarik izan azkenean. Victor aritu zen astigartarraren lekuan, Bikuñarekin batera; eta Salaberriak eta Oier Etxebarriak lortu zuten garaipena (22-16). Horrekin, hirugarrena dute goizuetarrak eta igorretarrak, eta lider jarraitzen dute. Expositok eta Bikuñak, berriz, osteguneko hori dute aurreneko porrota, txapelketako hiru jardunalditan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!