Oiartzun kontrario zuzena menderatu zuen Hernanik ostegunean Zubipen, eta lidertza berreskuratu du

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 10a, 00:00

Ostegunean jokatu zuten Ohorezko Erregional Mailako mutilek, Zubipen.

Berdeek 1-0 irabazi zuten mutilen Ohorezko Erregionalean, ordura arteko liderraren kontra, azkeneko minutuan sartutako gol bati esker. Nesken Ohorezko Erregionalean, Hernanik Intxaurdi hartuko du gaur, 16:00etan Zubipen.

Ez du denbora luzea eman Hernanik, aurreneko postutik kanpo, mutilen Ohorezko Erregional Mailan. Joan den asteburuan galdu zuen lidertza, Oiartzunen mesedetan; eta hain justu, oiartzuarren kontra jokatu zuen herenegun, Zubipen. Bi taldeak berdinduta zeuden sailkapenean, 27 punturekin. Hori horrela, partidu oso lehiatua eta estua espero zen, eta halaxe izan zen. Golik gabe iritsi ziren luzapeneko minutuetara, eta orduan, borrokatzen jarraitzeak saria izan zuen berdeentzat, eta azkeneko minutuan lortu zuen garaipenaren gola Haritz Oyarbidek.

Horrekin, oso garaipen garrantzitsua lortu zuen Hernanik, eta lidertza berreskuratu zuen, 30 punturekin. Añorga da bigarren, 29 punturekin, ostegunean jokatu eta 3-1 irabazi baitzuen, Mutrikuren kontra. Hirugarren postura jaitsi da Oiartzun.

Asteburuan, berriz, nesken Ohorezko Erregional Mailako taldeak jokatuko du Zubipen. Gaur arratsaldean izango da, 16:00etan hasita; eta Intxaurdi hartuko dute berdeek. Beste hiru puntu lortu nahi dituzte, bigarren postuari eusteko, sailkapenean nahiko beheran dagoen talde baten kontra.

 

Mundarro, Allerruren kontra Zarkumendegin

Erronka polita dauka asteburu honetan, Mundarrok ere, mutilen Erregional Preferentean. Gaur arratsaldean jokatuko dute moreek, 16:00etan Zarkumendegin; eta Allerru izango dute kontrario. Sailkapenean lau puntu gehiagorekin dago talde lezotarra.

Aukera ederra dauka Mundarrok, garaipena lortuta, beheko postuetatik are gehiago urrundu, eta goiko postuetara gerturatzeko. Izan ere, 22 punturekin dago Orioko bigarrena, eta 15 puntu dauzkate moreek, 10garren postuan. Sanpedrotarra eta Ostadar daude laugarren eta bosgarren, 21 punturekin; eta dagoeneko jokatu dute biek: bana berdindu zuten, elkarren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!