Lider jarraitzen du Tasio Semperenak juniorretan, eta ondo hasi dute elitekoa Jaime Romerok eta Telmo Semperenak

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 10a, 00:00

Tasio Semperena (ezkerrean), scratch proban, Urko Vidal gainditzeko esfortzu betean. Argazkia: Martin Early

Tempo eta scratch probetan bikain aritu da Tasio Semperena, azkeneko bi jardunaldietan; eta aurreneko postuari eutsi dio, pistako Gipuzkoa Sarian. Elitekoek aurreko asteburuan ekin zioten txapelketari: hirugarren dago Telmo Semperena, eta bosgarren Jaime Romero.

Bosgarren jardunaldia jokatuko da gaur, pistako txirrindularitzako Gipuzkoa Sarian, 15:00etan hasita, Donostiako Anoetako belodromoan. Eta aurreneko lau jardunaldiak jokatuta, lider jarraitzen du Tasio Semperenak, mutil juniorren kategorian. Astigartarrak emaitza bikainak lortu ditu azkeneko bi jardunaldietan, scratch proba bat irabazi eta tempoan bigarren sailkatuta; baina ezin izan zituen azkeneko bi probak lehiatu, aurreko asteburuan. Hala ere, aurreneko postuan dago oraindik, 151 punturekin; eta 25 punturen aldea dauka Eñaut Izaguirre bigarrenarekin (126). Kategoria berean, 25garren dago Eneko Olveira hernaniarra. Emaitza politak lortu zituen berak ere, hirugarren jardunaldian: zazpigarren izan zen scratchean, eta zortzigarren puntuazioan.

Mutil kadeteetan, Aimar Capdequi astigartarra da bailarako onena, Gipuzkoa Sariko 11garren postuan. Joan den asteburuan lortu zituen emaitzarik onenak: hirugarren tempoan, eta zazpigarren eliminazioan.

Neskek, berriz, sailkapen bateratua daukate, baina kategoria ezberdinetako mutilekin jokatzen dituzte probak. Naya Mangas hernaniarra, esaterako, mutil juniorrekin ari da lehiatzen, eta lortu ditu emaitza politak, eliminazio probako bederatzigarren postua bezala. Nesken sailkapen bateratu horretan, 14garren dago.

Elite mailako mutilek, estreinako jardunaldia aurreko asteburuan

Aurreko asteburuan ekin zioten, aldiz, elite mailako mutilek. Eta aurreneko jardunaldia jokatuta, hirugarren dago Telmo Semperena astigartarra (39 puntu), eta bosgarren Jaime Romero herrikidea (26 puntu). Ondo hasi dute Gipuzkoa Saria biek, eta maila bikaina erakutsi dute zenbait probatan. Romero, esaterako, hirugarren izan zen scratchean, eta bosgarren puntuazioan. Semperenak, berriz, bigarren postua lortu zuen eliminazioan, hirugarrena puntuazioan, eta laugarrena scratchean. Horrekin, hasi berritan lider izatetik gertu geratu da astigartarra: Eder Moreno dago aurreneko postuan, 43 punturekin; eta Illart Zuazubiskar bigarren, 42 punturekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!