Omenaldi beroa Martxeli Kanflankari, Patxi Loreaki eta Fernando Gallegori, Bola eta Toka Egun berezian

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 10a, 00:00

Fernando Gallego, Martxeli Kanflanka eta Patxi Loreak, ostegunean jaso zuten omenaldian.

Ostegunean ospatu zuten Bola eta Toka Eguna, Hernanin, egun osoko festarekin. Benta Berrin egin zuten tiraldia goizean: Saigots Iglesias izan zen onena bolan, eta Jose Mari Iñurrategi tokan. Ondoren, Jauregi jatetxean egin zuten bazkaria.

Hernanin ospatu dute Bola eta Toka Eguna aurten, Gipuzkoako Federazioak antolatuta. Ostegunean izan zen, eta egun osorako festa polita prestatu zuten Hernaniko eta Ereñotzuko taldeek.

Goizean, noski, tiraldiak egin zituzten, Floridan, Benta Berriko bolatokian. Giro ederra izan zen nagusi, eta Saigots Iglesias ibartarra eta Juan Mari Iñurrategi legazpiarra onenak tiraldietan: bolan Iglesias, eta tokan Iñurrategi. 34 brilarekin irabazi zuen ibartarrak, Egoitz Berasategi segurarrari (34 brila) desenpatea irabazita. Iñurrategi izan zen hirugarren bolan, 33 brilarekin; eta Txema Fernandez zarauztarra laugarren, 32rekin.

Tokan, berriz, 14 jo zituen Iñurrategik. Bigarren izan zen Prudencio Olano lasartearra, 13rekin; Antonio Amundarain irundarra hirugarren, 11rekin; eta Iñaki Maiz gabiriarra laugarren, 10ekin.

 

60 bat lagun giro ederrean, Jauregiko bazkarian

Oso giro jatorra eta atsegina izan zuten goiz osoan zehar, Benta Berriko tiraldietan. Eta giro ederra izan zen, ondoren, Jauregi jatetxean egin zuten bazkarian ere. 60 bat lagun elkartu ziren bertan, eta ohi bezala, zenbait bolari omendu zituzten. Oraingoan, Urumea bailarako hiru izan ziren beren ibilbidearengatik errekonozimendua jaso zutenak: Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, eta Fernando Gallego eta Patxi Loreak hernaniarrak.

Omenaldi polita, plaka oroigarri bana eta bertan zeuden bolari eta tokalari guztien errekonozimendu goxoa jaso zuten hiruek. Horrekin borobildu zuten egun polita, eta bukaera eman zioten denboraldiari.

Bikotekako Txapelketa, hurrengo zita Ereñotzun hasita

Orain, atseden pixka bat hartuko dute bolariek, eta urtarrilean ekingo diote denboraldi berriari. Bikotekako Txapelketarekin izango dute hurrengo zita; hori ere, Urumea bailaran bertan. Izan ere, Ereñotzun hasiko da, urtarrilaren 15ean. Hiru tiraldi izango ditu Bikotekakoak, eta horietako bikote onenak sailkatuko dira final haundira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!