Bizikidetza justuago baten alde, Terrazen Ordenantzaren berrazterketa, bailaran

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 10a, 00:00

Terrazen ordenantza atondu beharra dagoela aitortu du, Xabier Lertxundik.

Parte hartze prozesuko azken saioak egingo dira Hernanin eta Astigarragan: abenduaren 14an, arratsaldeko 18:30etan, Biterin; eta abenduaren 15ean, arratsaldeko 16:00etan, Astigarragako kultur etxe zaharreko areto nagusian.

Pandemiaren ondorioz hainbat murrizketa izan dira sektore askotan, eta horietako askok bete-betean eragin dute ostalaritzan. Bizitako egoerak, zailtasun ugari ekarri ditu ostalarien ogibidean, baina jarritako oztopo hauei aurre egiteko terrazak jarri edo haunditu ahal izatea oso lagungarria izan da negozio askorentzat. Horren aurrean, Hernaniko eta Astigarragako Udalek begirunez jokatu dute, establezimendu bakoitzak jarri duen mahai kopuruari dagokionez.

Horrek, ordea, espazio publikoaren erabiltzaile askoren arteko elkarbizitza aldatu du eta beste askorena zaildu. Orain, ordea, pandemiaren egoera amaituta, espazio publiko hauen arteko oreka berrezartzea ezinbestekoa iruditu zaie Astigarragako eta Hernaniko Udalei. Hortaz, bailarako Udalek taberna, kafetegi eta jatetxeetako terrazen ordenantza berrikusteko prozesua jarri zuten abian, eta dagoeneko egin dira saio batzuk eta abenduan izango dira azkenak.

Terrazen Ordenantzari buruzko parte hartze prozesuari buruzko xehetasunak eman dizkigute gaian adituak direnek: Hernanitik;  Xabier Lertxundi, Hernaniko alkateak, Mertxe Jimenez, Berriak Merkatarien eta Ostalarien Elkarteko ordezkariak,  Edurne Izagirre eta Gorka Segurola, Juntura Kooperatibako kideek; eta azkenik, Astigarragako Udalak. 

Xabier Lertxundik, prozesu guzti honetan, Hernaniko Udalak izandako esku-hartzearen berri eman du eta Udalaren helburuak azaldu ditu: «hasieratik honakoa izan zen gure xedea: terrazen auzia alderdi ezberdinetatik aztertzea, herritarren eta erabiltzaileen iritziak eta  beharrak identifikatu eta proposamen osatu bat egitea. Eta hau guztia aurrera eramateko, parte hartze prozesua jarri genuen abian. Aurreko ordenantza 2005ekoa da, eta sektoreak pandemia aurretik ere eskatzen zigun terrazen ordenantzari heldu behar zitzaiola berriro, aldatuz edota eguneratuz».

Lertxundik dio ezin zutela horrelako prozesu bat hasi, herritarren iritzia jakin gabe: «oso presente egon behar du ostalaritza sektoreak, baina beste faktore batzuk ere izan behar ditugu kontutan, adibidez bizilagunak, herritarrak... Hor hasi genunen Juntura Kooperatibarekin prozesu hau. Arkitektura eta prozesuak beraiek eramaten dituzte, beraz, haiengana jo genuen». Eta parte hartzeko prozesuetako datuak elkarbanatu ditu Hernaniko alkateak: «Guztira 320 herritarrek hartu zuten parte egindako inkestetan. Merkatarientzat eta ostalarientzat beste inkesta bat egin zuten, eta 40 parte-hartzaile egon ziren». 

Terrazen ordenantza berrikusteko prozesu honekin, txukunketa bat etorriko dela dio Lertxundik: «malgutasunarekin eraman dugu egoera, baina atondu beharra dago, bai estetika aldetik eta baita legedia aldetik ere. Kontutan hartu behar dugu terraza mesedegarria izan diatekeela. Zenbait gune eta auzoetan elkargunea bihurtu da, eta bizia ematen dio auzo edo eremu horri. Komertzio batzuk aipatzen zuten, ondoan terraza edukitzeak mesede egiten diela. Hau guztia alderdi positiboa da. Baina beste aldetik, mugikortasun arazoak dituztenei eragozpenak sortzen dizkie askotan, edota adineko pertsonak deseroso egotea eragin dezake jende kopuru asko egoteak. Orduan, alderdi hau ere lantzen ari gara, zaurgarriak diren pertsonetan zentratuz, eta saiatuz kolektibo hauei kalterik ez sortzen. Horrez gain, kontutan izan behar dugu, terrazak espazio publikoan daudela kokatuta, eta espazio publikoa denona da eta. Beraz, terrazek egiten dute espazio publiko hori pribatizatu. Horregatik, gure ardura da oreka bilatzea. Terrazak mesedegarriak dira, baina mundu guztiak ez du bertan kontsumitu nahi, edota ezin du kontsumitu. Kasu horretan, espazio publikoa, kontsumitu nahi ez duenarentzako ere utzi behar dugu. Plaza publiko batean esertzen ginen guneetan, terrazak daude, eta beraz, leku hori pribatua da. Guk hor oreka bilatu nahi dugu».

Lertxundik ez daki prozesu guzti honek fruituak noiz emango dituen, baina honakoa aitortu du: «nahiko genuke datorren urteko lehenengo hiruhilekorako dena lotuta izatea, eta ordenantza berria edo moldatuta izatea. Hori da gure nahia, ea iristen garen. Azkenean prozesuak bere osotasunean joan behar du, ondo kontrastatu behar dugu, inork ez jartzeko alegaziorik».

Terrazen ordenantza berraztertzearen prozesu parte hartzailea Juntura kooperatibak eraman du: «lehenik aurre analisi bat egin genuen; jarraian parte hartze prozesuari eman genion hasiera;  eta hirugarren pausua proposamenaren zirriborro bat idaztea izan da. Azken hau izango da guk Udalean entregatuko duguna. Eta gure kontratazioaren xedea da indarrean dagoen ordenantza berrikustea, eta aldaketarako proposamen bat egitea, bizilagunen eta ostalarien behar eta iritziak kontutan hartuz. Gaur egun, 2005eko ordenantza dago indarrean eta hori eguneratzeko beharra ikusi zuen Udalak, eta horretarako izan gara kontratatuak. Hasieratik zegoen aurreikusita parte hartze prozesu bat egitea, hala eskatu baitzuen Udalak, herritarren iritziak kontutan izateko» azaldu du Edurne Izagirre, Juntara kooperatibako kideak. Eta jarraian, Gorka Segurolak hartu du hitza, hau ere Juntura kooperatibako kidea izanik; azaldu du behar konkretu batetik jaio dela prozesu hau: «gaur egungo egoera deskontrolatu batek eraginda sortu da prozesu hau. Udalari, beraz, ostalariek ere, hala eskatuta, ordenantza berridazteko beharra agertu zaio. Egungo egoerak ez duelako betetzen indarrean dagoen ordenantza hori. Horretarako, ezinbestekoa zen herriaren aurre analisi bat egitea, eta baita egoerarena ere. Horregatik, ostalariekin eta herritarrekin jarri ginen harremanetan, haien iritziak, bizipenak eta proposamenak entzun eta kontutan izateko. Alderdi onak eta txarrak ditu parte hartzeko prozesu batek: alde batetik, herritarren iritzia biltzen duzu, eta hori oso positiboa da, baina beste aldetik, ezin duzu espektro guztietara heldu». 

 

Hirugarren eta azken parte hartze saioa, abenduaren 14an, Biterin 

Junturako kideek datorren parte hartze saiorako zita jarri dute dagoeneko: abenduaren 14an, arratsaldeko 18:30etan, Biteriko erakusketa gelan. Hala, saio honetan landuko diren gaien berri eman du Izagirrek: «Saio honetan, oraindik gauza batzuk lantzeko dauzkagu, batez ere gai gatazkatsuak  direnak, bizikidetza gehien oztopatzen dutenak, hala nola, ordutegiak eta terrazek eragiten duten zarata… Landuko dugun bigarren gaia izango da espazioaren gehiegizko okupazioa: azken batean terrazak espazio publikoan kokatzen ditugun momentutik, ari gara beste erabilera batzuei lekua kentzen, eta hor badago nolabaiteko talka bat; batetik, herritarrek erabiltzen dituzten espazioak galdu egiten dituztelako, terrazak daudelako. Eta aldi berean, terrazak hartu dezakeen azalera hau, oso garrantzitsua da, horrek aukera ematen dielako zerbitzu gehiago eskaintzeko. Hirugarren gai modura daukagu, ordenantza betetzeko zailtasuna edo ezintasuna duten establezimenduekin zer egin. Hau da, gaur egungo ordenantzak distantzia minimo batzuk markatzen ditu, eta Kaxkoan ezin dira terrazak jarri. Beraz, horren aurrean lantzen ari gara zeintzuk izan daitezkeen irtenbideak. Eta laugarren gaia da, terrazak geroz eta dimentsio haundiagoa hartzen ari direla; eta honek paisai urbanoan sekulako eragina du. Hau ere orekatzeko beharra dago, eta hor gabiltza. Kasu honetan, iritzi mordoa dago eta oreka bat bilatzea da gure asmoa».

Era berean, Gorka Segurolak aditzera eman du egindako parte hartze prozesu honek, pedagogia azteketarako balio izan duela: «interes ezberdineko posturak egon daitezkeelako, eta enpatia ariketa lantzen da. Eta esan nahiko genuke, denen gustukoa izatea ezinezkoa dela. Sentsibilitate guztiak onartuta ere, posible dela batzuk galdu dutenaren sentsazioarekin gelditzea, izan herritar, izan ostalari… Argi utzi nahi dugu parte hartu duten herritar, bizilagun eta ostalarien iritziak hartu ditugula kontutan. Eta horregatik diot, abenduaren 14an egingo dugun saioa ere, enpatiarako erabili nahi dugula. Horrez gain, egindako zirriborroa elkarbanatuko dugu, jakin dezaten zer aurkeztuko den Udalean».

Junturak urte amaierarako aurkeztuko du proposamena Udalean, baina ondoren, ibilbide administratiboan sartuko da prozesua, eta, beraz: «nork daki noiz jasoko dugun onarpena», gaineratu du Segurolak.

 

Zenbait ostalariren izenean, Berriak elkartea 

Mertxe Jimenezek hartu du hitza, Berriak elkarteko ordezkari gisa, eta ostalarien postura elkarbanatu nahi izan du: «gure aldetik, esan genezake aspalditik eskatu dugula Kaxkoan terrazak jartzeko baimena, eta honekin batera, terrazen ordenantza berrikusteko eskaera ere bai. Gure iritziz, Kaxkoak terrazak behar ditu, bere tamainan, baina behar ditu. Bizitza ematen diote alde zaharrari, gainontzean, Kaxkoko tabernak ia jenderik gabe gelditzen dira. Horregatik, nahiko genuke, pandemiaren eraginez jarritako terraza hauek mantentzea, eta horrekin batera terrazen ordenantza berrikustea. Kaxkotik kanpo dauden terrazekin ez dago arazo haundirik, baina aldatu daitezkeen arau asko badaude, adibidez, ordutegiak. Demagun, anbulategira joan behar duzula analitika batzuk egitera eta ateratzean, ondoko tabernan gosaldu nahi duzula, terrazan. Goizean, ordu finko batetik aurrea jarri daitezke terrazak. Horregatik diot, ordutegiak ere moldatu egin beharko liratekeela, goizean terrazan gosari eder batez gozatzeko eskubidea izan dezan herritarrak, eta zerbitzua emateko eskubidea izan dezan, ostalariak».

 

Tabernentzat pandemia mesedegarria izan bada ere, arazoak eragin ditu herriko bizikidetzan.

 

Astigarragako Udala eta Aztiker, elkarlanean 

Astigarragari dagokionez, Terrazen Ordenantzari buruzko prozesuan, Aztiker Soziologia Ikerguneak jardun du aholkularitza eta gidaritza lanetan. Astigarragako Udalak prozesuaren helburuak, arrazoiak eta nondik norakoak azaldu ditu, besteak beste. «Terrazen ordenantza berrikusteko prozesu hau egitearen motibazio nagusiak hiru izan dira: alde batetik, bizikidetza desoroso baten seinale diren hainbat bizilagunen kexak jaso ditu Udalak; bestetik, ostalari batzuek egun indarrean dagoen ordenantza ez dute betetzen, zenbait arau-hauste agerian geratu direlako; eta azkenik, pandemia amaituta, dagoeneko pandemia garaiko neurriak alde batera utzi dira eta momentu egonkor hau bi aldeen gogoetarako inflexio-puntu egokia izan daitekeela baloratu dugu».

Udalak aitortu du, prozesuaren helburua  dela, terrazen erabilerari eta ezaugarriei dagokienez elkarbizitzarako gakoak identifikatzea eta herritarrekin eta ostalariekin batera gako horien inguruko adostasunak lantzea, eta azaldu dutenez, «prozesu honekin nahi dugu enpatia bultzatu, hau da, jarri dadila ostalaria herritarren azalean, eta herritarra ostalarienean. Bidea elkarrekin egite hori ariketa hezitzaile gisa ulertzen dugu». Astigarragako Udalaren jomuga da, behin ordenantza berria daukagunean betetzea: «hori da gure xede nagusia, ordenantza berria eskuartean dugunean, denok hartzea konpromisoa hau betetzeko, bai herritarrek, bai ostalariek, baita Udalak ere».

Astigartarrek uztailean hasi zuten prozesua, lehenengo pausua diagnostiko bat egitea izanik. Behin diagnostikoa eginda, bi saio ireki proposatu zituen Aztikerrek, herritarrekin eta ostalariekin, eta dagoeneko burutu dira: «Lehenengo saioan, guztira 13 lagun etorri ziren, horietatik 9 ziren ostalariak, eta bizilagunak 4. Bertaratutakoen artean 6 ziren emakumeak eta gizonak, berriz, 7. Hurrengo saioetan, jende gehiagok hartu zuen parte, adibidez, bigarren saioan 21 lagun hurbildu ziren».  

Egindako saioetan, Udalak bi diskurtso bereiztu zituen: «herritarrena eta bizilagunena da bat, eta bestea, ostalariena. Herritarrek diote, ostalari askok ez dutela ordenantza betetzen, edo arau-hausteak daudela; aldiz, ostalari batzuk diote dena betetzen dutela». Horregatik, Astigarragako Udalak terrazen ordenantzari eutsi dio: «prozesu honekin nahi dugu sentsibilizazioa piztu. Denon artean begiratuko dugu ordenantza, eta zerrendatuko ditugu zeintzuk diren proposatutako aldaketak, zeintzuk diren herritarrek eta ostalarien kexak, zeintzuk diren eskaerak…. Eta saio hauetan, hainbat gai jorratu ziren, hala nola espazioaren erabilera, ordutegia eta zarata…». 

 

Azken parte hartze saioa astigartarrek, abenduaren 15ean 

Udalak bi saio irekietan jasotako eskaerak bildu ditu, eta une honetan, proposamen hauek lantzen ari da. Izan ere, abenduaren 15ean beste saio bat egingo dute, arratsaldeko 16:00etan, Kultur etxe zaharreko areto nagusian. Bertan, Udalak jasotako eskaerei eta proposamenei erantzun bat emango die, argudiatuz, zergatik onartu den ala ez.Horrez gain, saio horretan bizilagunekin eta ostalariekin honako gogoeta egingo dute Udalak eta Aztikerrek: ordenantza berriak ekarriko dituen aldaketa nagusiek nork bere egunerokotasunean edo negozioan zer eragin izango duten aztertuko dute bertaratutakoek. Gainera, prozesuaren ondorio nagusiak aurkeztuko dira eta terrazen ordenantza indarrean noiz sartu litekeen ere argitzen saiatuko direla jakinarazi du Udalak, besteak beste.

Eta amaitzeko, Astigarragako Udalak honakoa aurreratu du: «Oraindik ez dugu erabaki terrazen ordenantza noiz sartuko den indarrean. Astigarragan, edozein momentutan eskatu daitezke terrazak jartzeko baimenak eta eskatzen ez den kasuetan, automatikoki aurreko urtekoa berritzen da. Parte hartze prozesua abendurako amaituko dugu eta ondoren testua errepasatu, egokitu eta beste hainbat tramite izapidetu beharko ditugu. Ordenantza indarrean sartzeko 2023ko maiatza izango litzateke akaso. Urte erdian gai hau mugitzen hastea baino txukunagoa eta guztiontzat erosoagoa izan daitekeela iruditzen zaigu 2024ko urte hasieran indarrean sartuko balitz. Modu horretara 2023ko baimenak egungo ordenantzan oinarrituta egongo lirateke eta 2024ak, berriz, ordenantza berrian». Bestalde, ordenantza berria indarrean sartzean sentsibilizazio-kanpaina bat egitea ezinbestekoa dela deritzo Udalak, aldaketa nagusien berri emateko asmoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!