Asteburu bikaina bailarako esku pelotarientzat, hainbat txapelketatan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 6a, 00:00

Bigarrenez irabazi du Nafarroako Lau t'erdikoa, jubeniletan, Beñat Apezetxeak.

Nafarroako Lau t'erdikoa irabazi du Beñat Apezetxeak, eta Baztango finalera sailkatu dira Zugasti, Ormazabal eta Oses.

Asteburu gozoa izan da Urumea bailarako esku pelotarientzat, emaitza bikainak lortu baitituzte partidu garrantzitsuenetan, hainbat txapelketatan. Horietan nabarmenena da Beñat Apezetxea goizuetarrak lortutakoa: Nafarroako Lau t'erdiko Txapelketa irabazi du jubeniletan. Apezetxeak 18-4 menderatu zuen Oberenako Andoni Sarasibar, larunbatean Lekunberrin; eta bigarren urtez segidan lortu du garaipena, txapelketan. Horrela, laugarren esku pelotaria da, jubeniletan bi bider lortu duena Lau t'erdikoa irabaztea, Iker Salaberria herrikidearen, Joanes Bakaikoaren eta Ion Jaunarenaren ondoren.

Baztango Txapelketan, bestalde, semifinalak zeuzkaten jokoan CD Hernaniko bost pelotarik, eta hiruk lortu dute finalerako txartela. Imanol Ormazabal astigartarrak eta Lier Zugasti hernaniarrak 18-6 irabazi zuten Barañaingo Iraizozen eta Zugastiren kontra, partidu ona jokatu eta hasieratik nagusi izanda. Eta Ekhi Osesek, Behar Zanako Adur Otaegirekin batera lortu du finalera sailkatzea, Leitzako Baleztena eta Alkorta menderatuta (18-6), beste behin maila bikainean arituta. Aratz Labakak eta Oier Arsuagak, aldiz, galdu egin zuten semifinala, Lodosako Armendarizen eta Salanuevaren kontra (8-18).

Gipuzkoako Txapelketan ere lortu dituzte emaitza aipagarriak, buruz buru. Sailkapen fasea bukatuta, zazpi esku pelotari sailkatu dira azken fasea jokatzeko: nagusietan, Jon Jara eta Garikoitz Arizmendi hernaniarrak; jubeniletan, Julen Deskarga eta Xuban Iturbe hernaniarrak, eta Xuban Goñi astigartarra; eta kadeteetan, Oier Azpeitia eta Martin Alberdi hernaniarrak. Eta infantiletan, semifinaletarako pasea lortu du Ekhi Oses hernaniarrak, Ilunpeko Urrestilla menderatuta, bi jokotan (8-2 eta 8-0).

Iker Salaberriak, beste garaipen bat Binakakoan

Profesional mailan, bestalde, oso sendo hasi du Promozioko Binakako Txapelketa, Iker Salaberria goizuetarrak, Oier Etxebarriarekin batera. Larunbatean jokatu zuten bigarren partidua, eta 22-12 irabazi zuten Darioren eta Gaskueren kontra. Hodei Exposito astigartarra ere, bigarren garaipena lortzen saiatuko da gaur, Iñigo Bikuñarekin: Egigurenen eta Erostarberen kontra, 17:00etan Tolosan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!