Zumarragan berdinduta, lidertza galdu du Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 6a, 00:00

Partidu trabatua izan zen jubenilena.

2-2 berdindu zuten berdeek Urolarekin, mutilen Ohorezko Erregional Mailan.

Aurreko asteburuko porrot gogorrari, ezin izan dio nahi bezala eman buelta Hernanik, mutilen Ohorezko Erregional Mailan. Berdindu egin zuen larunbatean, Zumarragan, Urolaren kontra (2-2). Eta horrekin, lidertza galdu du, ez baitzuen hutsik egin Oiartzunek. Bi taldeak berdinduta daude 27 punturekin, eta puntu bakarrera daukate Añorga (26).

Edonola ere, partidu gogorra zeukaten berdeek, seigarren sailkatuaren zelaian; eta puntu bat ekartzea lortu zuten, Eñaut Apezetxearen eta Haritz Oyarbideren golekin.

Mutil jubenilen Liga Nazionalean ere, puntu bat lortu zuen Hernanik, larunbat arratsaldean, Zubipen. Aukera polita zeukan beheko postuetatik are gehiago urruntzeko, baina 0-0 berdindu zuen Santutxurekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!