Ezin txapela jantzi Maddi Iriondok eta Irati Minerrek, oso final estuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 6a, 00:00

Maddi Iriondo pelota jotzen, kontrarioa adi begira duela, larunbateko finalean.

Hernaniarrek 29-30 galdu zuten, Txulobiko Aranbururen eta Navarroren kontra, jubenilen finalean.

Ezin estuagoa eta ezin lehiatuagoa izan zen Gipuzkoako Txapelketaren finala, neska jubeniletan, larunbat arratsaldean. Eta lehia bizi horretan, markagailuak 29nako berdinketa islatzen zuela, txapa bera joan zitzaion pelota Irati Minerri. Horrekin, ihes egin zien txapelak berari eta Maddi Iriondori, eta ezin izan zuten borobildu, jokatu duten txapelketa bikaina.

Txulobiko Aranburu eta Navarro nagusitu ziren (29-30) azkenean, baina meritu haundiko partidua jokatu zuten Minerrek eta Iriondok, egoera zailean, taldekide eta lagun baten aita hil zela eta. Berari eta bere familiari eskaini nahi zioten txapela hernaniarrek.

Aurretik, beste final bat ere jokatu zen Hernaniko frontoian bertan, eskuzkoa, neska nagusiena. Oso partidu lehiatua izan zen hori ere, eta ikuskizun ederra eskaini zuten Behar Zanako Erasunek eta Larrartek, eta Aloña Mendiko Etxegaraik eta Osesek. Markagailuan lortutako tartetxoa baliatu zuten Erasunek eta Larrartek txapela janzteko, azkeneko tantoetan Etxegarai eta Oses gerturatu ziren arren (22-20).

 

Nafar Jokoetako semifinaletan, Narbarte eta Etxeberria

Bestalde, Nafar Jokoetan, mutil nagusien final laurdenetako partiduak jokatu dituzte hiru palista goizuetarrek. Batetik, aurrez aurre aritu ziren Martin Etxeberria eta Mikel Huizi, eta 25-24 nagusitu zen Etxeberria. Eta bestetik, irabazi egin zuen Ekaitz Narbartek, Gilen kontra (25-6). Horrela, semifinaletara sailkatu dira biak, eta elkarren kontra ariko dira: ostiralean, 19:00etan Goizuetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!