«Uste dugu Euskaraldia gizartean normalizatu eta finkatu dela»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 4a, 00:00

Euskaraldiaren antolatzaileek agerraldia egin zuten Gasteizen, ostiralean.

Antolatzaileek adierazi dute, aurreko edizioaren antzeko partehartzea izan duela aurtengoak.

Ostiralean bukatu zen Euskaraldia, Euskeraren Nazioarteko Egunaren bezperan. Bataren zein bestearen inguruan, makina bat ekitaldi eta ospakizun izan dira egunotan, Urumea bailaran. Eta Euskal Herri mailan, ostiralean egin zuten agerraldia Euskaraldiaren antolatzaileek, aurtengo edizioaren balorazioa egiteko. Nabarmendu zuten, «milaka herritarrek» egin dutela, beste behin, «egunerokoan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa praktikoa».

Hori horrela, uste dute Euskaraldia «gizartean normalizatu eta finkatu» egin dela, eta herritarrak ari direla «ulertzen eta barneratzen» ariketa horrek proposatzen duena: «Ahobizi eta Belarriprest rolen atzean dauden jokaera ezberdinak gero eta hobeto ulertzen dira; lehen hitza euskeraz egiteko arau sozial berriak aurrerapauso haundiak eman ditu; euskeraz ulertzen duenarekin euskerari eusteko jokabidea ere gero eta barneratuago dago; eta ariketa efektiboa da, rol horiei lotutako portaerei eusterakoan, norberaren euskeraren erabilera hazi egiten baita».

Bestalde, adierazi dute «egonkortze bidean» dagoela Euskaraldiko partehartzea: «Gure kalkuluen arabera, aurreko edizioaren partehartze kopuruan gaudela esan dezakegu. 161.099 lagunek izena eman edo berretsi dute, eta oso datu ona iruditzen zaigu. Gainera, uste dugu aurreko edizioan izena eman zuten askok parte hartu dutela berretsi gabe. Herriz herriko batzordeetatik jaso ditugun datuen arabera, izena eman dutenak baino herritar gehiago hurbildu dira txapak jasotzera. Baina, aldiz, pertzepzioa daukagu jendeak ez dituela txapak uneoro erabili, eta nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugula kalean».

Ikerketak emango ditu datu zehatzak, eta hori datorren urtearen aurreneko erdian argitaratzea espero dute. Azkenik, Euskaraldiaren antolatzaileek azpimarratu dute «herrietan eta hainbat entitatetan osatu diren Euskaraldia batzordeek egin duten lan eskerga. Sare zabal hori gabe, ezinezkoa litzateke horrelako ekimena antolatzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!