Hirukoiztu egin da Ugaldetxoko aisialdi gunearen erabilera, udara honetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 4a, 00:00

Jende asko gerturatu da Ugaldetxoko aisialdi gunera, udara honetan.

Ekainetik irailera 1.793 erreserba izan ziren gunea erabiltzeko, eta 7.421 pertsona izan ziren bertan. Astean zehar izan dira asteburuetan baino gehiago, eta Donostiatik etorri 
dira bisitari asko.

Bigarren urtez, Ugaldetxoko aisialdi gunea egokitu eta erabilgarri jarri dute Hernaniko Udalak eta Ereñotzuko Auzo Udalak, aparkalekurako erreserba sistemaren bitartez. Orain, aurtengo denboraldiko datuak eta informazioa bildu, eta txostena argitaratu du Bizibiziki aholkularitza zerbitzuak. Horren arabera, hirukoiztu egin da gunearen erabilera aurtengo udaran, aurrekoaren aldean.

Argitu behar da, hori bai, 40 plaza izan dituela aparkalekuak aurten, iaz baino 10 gehiago; eta epe luzeagoan egon dela zabalik: ekainaren 15etik irailaren 25era, 102 egunez (76 egun izan ziren aurreko urtean). Edozein kasutan, proportzioan hartuta ere, nabarmen haundiagoa izan da erabilera aurten; bikoitza, gutxi gorabehera. Izan ere, 1.793 erreserba jaso dituzte aurten, eta 7.421 bisitari izan dira Ugaldetxoko aisialdi gunean. Aurreko urtean, 565 erreserba eta 2.173 pertsona izan ziren.

Astean zehar gehiago izan dira bertaratu direnak, asteburuan baino. Zehazki, 4.230 bisitari izan dira astegunetan, eta 3.195 larunbat eta igandeetan.

 

Bisitari asko, Donostiatik

Bisitarien jatorrian ere izan da gorabehera. Aurreko urtean bezala, hernaniarrak izan dira bisitari gehienak, guztien %37,6a; baina aurreko urtean baino gutxiago: %52,9 izan ziren 2021ean. Gorakada izan da, aldiz, Donostiatik etorri diren bi­sitarietan. Guztien %30,92a izan dira donostiarrak, iaz baino nabar­men gehiago (%23,01). Gaine­ra­­ko­ak, eto­­rri dira Pasaiatik (%4,37), Irun­­dik (%3,99), Errenteriatik (%3,9), Astigarragatik (%3,65), Lasartetik (%2,95) edota Urnietatik (%2,36).

Uztaileko eguraldi beroak eraginda, hilabete horretan izan da erreserba gehien: 726 erreserba, eta 3.015 bisitari. Uztaileko 11 egunetan egon zen aparkalekua guztiz beteta, eta %85eko okupazioarekin beste bost egunetan. Abuztuan, berriz, 683 erreserba izan dira, 2.959 bisitarirekin; baina uztailean baino gehiagotan egon da beteta: 14 egunez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!