Euskeraren Eguna bihar, baina gaurkoan ere ekintza mordoa

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 2a, 00:00

Ekitaldia eskainiko dute gaur, herriko eskolek Gudarien Plazan, eta horregatik, goizeko 10:00etan plaza itxiko da, kotxeentzat. 

Gaurko hainbat ekintza antolatu dira bailaran, Euskeraren Egunaren bezperan. Alde batetik, Euskaraldiaren ekitaldi amaiera antolatu du Euskara Ari Duk gaurko. Jon Martinez 'Txiki'k, 40 urte eta aldapan behera niek bakarrizketa eskainiko du, arratsaldeko 20:00etan, Garin tabernan. Sarrera irekia eta doakoa da. 

Beste aldetik, bailarako eskolek Euskeraren Eguneko ekitaldia prestatu dute gaurko. Hernaniren kasuan, Langilek, Urumeak, Elizatxok eta Aratzek, Ereñotzuko Txirritarekin batera giza-katea osatuko dute, goizean zehar. Gudarien Plazan amaituko da katea 10:00ak aldera, eta bertan denak batera elkartuko dira, Euskaraldiko abestia kantatzeko. Horregatik, Udaltzaingoak aditzera eman du goizeko 10:00etan, Gudarien Plaza itxiko dela: «kotxerik gabe utzi beharko da plaza. Ekitaldia amaitzean irekiko dugu». 

Astigarragako Herri Eskolan ere ospatuko dute Euskeraren Eguna. Goizean zehar ospakizun festa egingo dute: «Euskaraldiko abestiarekin dantza bat egingo dute ikaslagunek eta seigarren mailakoek, bertso sorta eder bat eskainiko dute».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!