Berdintasunean aurrerapausoak emateko helburuz, prestakuntza saioak burutzen ari da LAGA Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, aurten, Aranon, Goizuetan, Leitzan eta Areson. «Emakume eta gizonen arteko desparekotasunak egiturazko jatorria du, eta ondorioz, bizitzaren arlo guztiei eragiten die. Horregatik, berdintasunean aurrera egiteko, beharrezkoa da arlo guztietatik lan egitea. Norabide horretan aurrerapausoak emateko asmoz antolatu ditugu saioak», azaldu dute.
Saio horietako batzuk, udal hautetsiei zuzendutakoak izanen dira; herri bakoitzean bina. Udaberrian egin zuten aurreneko saioa denetan, eta orain ari dira bigarrenarekin. Aurreko asteartean egin zuten Aranon, eta asteazkenean Areson. Goizuetan, berriz, bihar bertan eginen dute saioa, eta Leitzan izanen da azkenekoa, abenduaren 13an.
Era berean, udal teknikariei zuzendutako bi lan saio ere prestatu dituzte, eta gaur bertan eginen dute bigarrena.
Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik nabarmendu dute, «garrantzi haundikoak» direla saioak, «gure herrietako politika publiko guztietan berdintasuna txertatu ahal izateko».