58.800 euro, Buruntzaldeako lurraldeko kirol ekipamenduetarako

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 29a, 00:00
9.600 euro bideratuko dira Txomiñenea pilotalekuko baranda ordezkatzera.

Horietatik 9.600 euro bideratuko dira Astigarragako Txomiñenea pilotalekuko baranda ordezkatzera. 

Hiru laguntza ildo bideratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak: «1.000.000 euro ohiko kirol-ekipamenduak ordeztu, lekualdatu, birmoldatu, haunditu eta birgaitzeko, futbol-zelaiak izan ezik; 450.000 euro ohikoak ez diren kirol-espazioak egokitzeko, herritar guztiek kirola egin dezaten errazteko; eta 500.000 euro futbol-zelaiak ordeztu, lekualdatu, birmoldatu, haunditu eta birgaitzeko».

Horietatik 58.800 euro bideratuko dira Buruntzaldeara, eta horren zati bat iritsiko da Astigarragara: 9.600 euro erabiliko dira Txomiñenea pilotalekuko baranda ordezkatzeko. Gainerakoan, 4.800 euro izango dira komun egokitu irisgarria egiteko Oiardo kiroldegiko harreran eta erabilera anitzeko Usurbilgo bulegoetan; 40.700 euro Andoainen Pump Track zirkuitu bat eraikitzeko; eta 3.300 euro Lasarte-Orian, padel pista aldatzeko.

Kultura eta Kirol departamenduak dio gaur egun, Gipuzkoan, helduen %75ek egiten duela jarduera fisikoa erregulartasunez, eta emakumeen %72k. Bestalde, ikasleen %70ek egiten du OMEk eskatzen duen gutxieneko jarduera fisikoa (egunean ordubete, jarduera fisiko neurritsua edo bizia). Horri dagokionez, Harkaitz Millanek, orain arte Kultura eta Kiroletako diputatu zenak, honakoa adierazi zuen aurkezpenean: «Gure lurraldean, kirol-ekipamendu­en garapen-maila erabakigarria izan da biztanleen jokabide aktiboko ohituretan. Badakigu jarduera fisikoa egiteko hurbileko espazioak edukitzeak eragina duela biztanleriaren jarduera-mailetan. Ki­rol-jardueratik harago, gure gi­zartearentzako lehen mailako zeharkako alderdietan ere eragit­en du, hala nola osasunean, hezkuntzan, bi­zikidetzan, berdintasunean edo ekonomian».

Gipuzkoan 1.644 kirol-instalazio daude erroldatuta, eta horietatik 298 kirol-ekipamenduen oinarrizko sarean daude. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak nabarmendu du oso zeregin garrantzitsua izan duela Gipuzkoan kirol-ekipamenduen sare zabala lortzeko: «2004-2007 eta 2008-2011 aldietan garatu ziren ekipamendu planetan, lortu zen oinarrizko ekipamendu sarea ia osorik izateko helburua, eta hurrengo erronka izan zen area berriak sortzea ariketa fisikorako nahiz kirolerako, dela hiriguneetan, dela naturan; hartara, herritar guztiek kirola eta ariketa fisikoa egin zezaten aukera zabaltzeko».

Amaitzeko, Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen 2022 Planaren ardatz nagusiak zeintzuk diren azaldu ditu, Kultura eta Kirol sailak: «Kirol ekipamenduen oinarrizko sarea mantentzea eta sendotzea, lehentasuna emanez dauden kirol ekipamenduak birmoldatzeari eta erreformatzeari, osorik edo partzialki, bai eta ordezkatzeari edo lekualdatzeari ere, baldin eta haien helburua bada kirol-jardueraren ohitura berrietara egokitzea, kirol-zerbitzuen aukera zabaltzea edo kirol-zerbitzuak ematea kirol-esparru guztietan intentsiboki, berdintasunez eta balio anitzez erabiltzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!