Hernaniren bolada ona amaitu da Beti Gazteren aurka 0-3 galduta

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 29a, 00:00
Beñat Mendizabal Beti Gazteren aurkako partiduan.

Hala ere lider jarraitzen dute hernaniarrek Ohorezko Erregional mailan.

Amaitu da Hernaniren bolada ona Ohorezko Erregional mailan. Bederatzi partidu galdu gabe egon eta gero, hernaniarrek 0-3 galdu zuten larunbat arratsaldean Zubipen Beti Gazteren aurka. Lesakako taldea lehenengo minutuetan aurreratu zen eta horrek lasaitasuna eman zion kanpoko taldeari. Hernani saiatu zen berdintzen, baina aurreneko zatiaren amaiera aurretik Beti Gazteren bigarren gola iritsi zen.

Bigarren zatian, hernaniarrak erasoan aritu ziren eta desabantaila murrizten ahalegindu arren lesakarren hirugarren golak azken markagailua itxi zuen. Nahiz eta 0-3 galdu, jokoan ez zen horrelako abantailarik egon bi taldeen artean.

Hernanik azken bederatzi partiduetan ez zuen galdu, zazpi garaipen eta bi berdinketa eskuratuz. Horri esker lidertzan jarraitzen dute 26 punturekin. Añorga da bigarrena puntu batera eta Oiartzun hirugarrena bi puntura.

 

Mundarroko mutilek eta Hernaniko neskek, berdindu

Hernanik eta Mundarrok berdinketak lortu zituzten Ohorezko Erregional nesken mailan eta mutilen Preferente mailan. Hernanik 3na amaitu zuen Leintz Arizmendiren kontra. Hamaika partiduetan bederatzi garaipen, berdinketa bat eta porrot bat izan dute eta sendo daude bigarren postuan Realaren atzetik.

Mundarrok bana berdindu zuen Usurbilen. Jokalariek bazekiten aurkari deserosoa izango zutela aurrean eta hasieratik ikusi zen hori.

Etxekoek baloi gehiago izan zuten baina astigartarrek kokapen ona izan zuten. Mundarrok lehen zatiko aukerarik onena Errastiren bidez izan zuten bitartean, kanpotarren onena zutoinarekin topatu zen atezainak ukitu ondoren. Bigarren zatiaren hasieran usurbildarrak aurreratu ziren eta astigartarrek berdintzea lortu zuten partiduaren azken minutuan. Errasti izan zen golegilea.

Mundarro hamargarrena da, 15 punturekin, sailkapenean eta maila berean, Hernanik 3-1 galdu zuen Lezon. Hernani azkenaurrena da sailkapenean, 15garrena, zazpi punturekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!