Indarkeria matxistarik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte batera bidean, pausoz pauso

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 26a, 00:00
Danbor hotsek markatuta erritmora, eta maskarak jantzita, manifestazioa egin zuten Astigarragan, atzo arratsaldean. Honela zioen pankartak: 'Astiarrako emakumeak, duin eta libreak'.

Urumea bailara osoan zabaldu zuten atzo aldarri ozena, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunez, mobilizazioen eta ekitaldien bitartez.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan zen atzokoa; egun seinalatua, indarkeria matxistarik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte batera bidean, guztiok elkarrekin pausoak ematen jarraitu behar dugula aldarrikatzeko. 

Hori horrela, eta beste urte batez, Urumea bailara osoa jantzi zen morez, eta ohiuka zabaldu zituzten aldarrikapenak. Kontzentrazio eta manifestazio bana egin zuten Astigarragan, Udalak eta Emakumeon Etxeak antolatuta; eta beste horrenbeste Hernanin, Itaiaren eta Koordinadora Feministaren eskutik. Aranon ere egin zuten elkarretaratzea, Udalak deituta. Eta Goizuetan eta Ereñotzun, emanaldi bana antolatu zuten Kultura eta Emakume Taldeek eta Katiluzar Guraso Elkarteak, hurrenez hurren.

Ekitaldiak eta mezuak ezberdinak baziren ere, aldarria bera izan zen: argi adierazi zuten, indarkeria matxistarik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte bat eraiki nahi dutela.

Milaka lagunek hartu zuten parte Hernaniko manifestazio zaratatsuan, Azaroak 25 plazatik abiatuta.
 
Manifestazio zaratatsua izan zen Hernanikoa, iluntzean, Kaxkoan barrena.
 
Euskal Herrian eraildako emakumeen izenekin, murala osatu du Astigarragako Gaztelekuak, Herri Eskolako atarian.
 
Eskutik helduta egin zuten aldarria astigartarrek, indarkeria matxistaren kontra.
 
Buruntzaldeko Itaiak antolatuta, kontzentrazioa egin zuten atzo arratsaldean, Hernaniko Plazan.
 
Euriari aurre eginez, Astigarragako udaletxearen aurrean egin zuten elkarretaratzea, atzo eguerdian.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!