Ziztu batean hasi du pistako Gipuzkoa Saria, Telmo Semperenak

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 26a, 00:00
Telmo Semperena, eliminazioko garaipena ospatzen. Argazkia: Martin Early

Bi jardunaldi jokatuta, sailkapen nagusiko liderra da astigartarra, mutil juniorretan, sei probatik bost irabazita.

Hasi dute pistako denboraldia, bailarako txirrindulariek. Dagoeneko jokatu dituzte bi jardunaldi, Gipuzkoa Sarian; eta Telmo Semperena astigartarra izan da protagonista nagusia: ziztu batean hasi du denboraldia, eta jokatutako sei probetatik bost irabazi ditu berak.

Azaroaren 12an, aurreneko jardunaldian, proba guztietan nagusitu zen: scratchean, tempoan eta puntuazioan. Eta hilaren 19an, bigarrenean, eliminazio eta puntuazio probak irabazi zituen, eta laugarren sailkatu zen tempoan. Hori horrela, 102 punturekin dago lider, Eñaut Izaguirreren (69) eta Vlad Raresen (58) aurretik.

Maila berean, Eneko Olveira hernaniarrak ere hartu zuen parte aurreneko jardunaldian: be­deratzigarren izan zen scratch proban, 11garren puntuazioan eta 14garren tempoan.

Mutil kadeteetan ere, eder­­ki ari dira Aimar Capdequi astigartarra eta Unax Otegi hernaniarra: 10garren eta 12garren daude sailkapen nagusian, hurrenez hu­rren. Capdequik aurreneko jardunaldian eman zuen bere maila onena: bigarren izan zen scratchean, laugarren tempoan, eta zortzigarren puntuazioan. Otegik, berriz, bi jardunaldietan egin du primerako agerraldi bana: azaroaren 12an bigarren izan zen tempoan, eta hilaren 19an laugarren puntuazioan. Maila berean ari dira beste lau txirrindulari astigartar ere: 29garren dago Beñat Auzmendi, 39garren Unai Hernandez, 42garren Danel Txapartegi, eta 56garren Mikel Inclan.

Nesketan, azkenik, sailkapen berean bateratu dituzte kategoria guztietakoak, nahiz eta elkarrekin ez lehiatu. Horien artean da Naya Mangas hernaniarra, eta mutil juniorrekin ari da parte hartzen probetan. 19garren dago nesken sailkapenean.

 

Hirugarren jardunaldia, gaur

Gaur bertan jokatuko dute Gipuzkoa Sariaren hirugarren jardunaldia, Donostian, Anoetako belodromoan. 15:00etan hasiko da, eta hiru proba jokatuko dituzte kategoria bakoitzean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!