Elikagai bilketa haundia martxan gaurtik, bailarako herri guztietan

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 25a, 00:00
Hernaniko hiru supermerkatutan egongo dira boluntarioak, elikagaiak biltzen: bi Lidletan eta Zinkoeneako Eroskin.

Bihar eta etzi izango da bilketa Hernaniko hiru supermerkatutan, eta abenduaren 1era arte Aranon eta Goizuetan. Elikagai bonoak ere eskuragarri daude, Astigarragan eta Hernanin.

Martxan da, beste urte batez, Elikagai Bankuaren bilketa haundia. Gaur bertan hasiko da, eta Urumea bailarako herri guztietan egingo dute elikagai bilketa.

Gipuzkoan, elikagai bonoen bitartez eman ahal izango da la­guntza, supermerkatu gehiene­tan, eta abenduaren 6ra arte izan­go da horretarako aukera. Bo­no horien bitartez, unean-une­­an behar dituen elikagaiak erosiko ditu Elikagai Bankuak, eskariari aurre egiteko eta elikagaiak ez txartzeko. Horrela, Astigarragako DIAn eta Eroskin izango da bonoak erosi eta donazioa egiteko aukera. Hernanin, berriz, Eroski, DIA, Lidl eta BM supermerkatuetan egongo dira bonoak eskuragarri, baina elikagaiak emateko aukera ere berreskuratuko dute aurten. Gaur eta bihar egongo dira boluntarioak, hiru tokitan, elikagaiak jasotzen: Zinkoeneako Eroskin, eta Floridako zein Galarretako Lidletan.

Nafarroan, berriz, gaurtik abenduaren 1era luzatuko da Elikagai Bankuaren kanpaina, eta elikagaiak bilduko dituzte zuzenean, Aranon eta Goizuetan. Udaletxeko atarian izango dute elikagaiak uzteko kaxa aranoarrek, eta herriko hiru puntutan goizuetarrek: Xalto Eskolan, Coviranen eta Zubidendan.

Herritarren laguntza ezinbestekoa dela nabarmendu dute Elikagai Bankuek, biltegiak ia hutsik baitauzkate. Horretan eragina izan dute pandemiak aurrena, Ukrainako gerrak ondoren, eta prezioen gorakadak azkenaldian. Horregatik, aukera duten guztiei luzatu diete deia, bere laguntzatxoa emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!