Indarkeria matxistaren kontra, morez jantzi eta aldarriz beteko da bailara

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 25a, 00:00
Aurten ere, kalez kale zabalduko dute aldarria, indarkeria matxistaren kontra.

Elkarretaratzeak eta manifestazioak izango dira Aranon, Astigarragan eta Hernanin, Alarma Morearen kontzertua antolatu dute Goizuetako gaztetxean, eta 'Aski da!' aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Ereñotzuko frontoian.

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Eta beste behin, morez jantzi eta aldarrikapenez beteko da Urumea bailara, horretarako motiboak gehiegi direlako oraindik ere.

Hiru herritan egingo dituzte elkarretaratzeak eta manifestazioak. Aranon, iluntzeko 19:00etan jarri du hitzordua Udalak, indarkeria matxista salatzeko. Astigarrragan, berriz, bi deialdi egin dituzte: eguerdiko 12:15etan, udaletxe aurrean egingo dute kontzentrazioa, Udalak deituta; eta arratsaldeko 18:30etarako, manifestaziorako deia egin du Emakumeon Etxeak, Erriberatik abiatu eta Emakumeon Plazaraino.

Bi izango dira hitzorduak, Hernanin ere. Aurrena, kontzentrazioa egingo dute Plazan, 18:30etan, Buruntzaldeako Itaiak deituta, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki lelopean. Adierazpena ere egin du Itaiak, egun seinalatuaren atarian. Nabarmendu du, indarkeria matxistak «emakumeon mendeko subjektu izaera berretsi» egiten duela, eta emakumeena «kolektibo zapaldua» izanik, bere lan-indarra «funtzionala» zaiola kapitalari, «debaluatu egiten baitu, ahalik eta etekin haundiena lortu asmoz». Gainera, adierazi du indarkeria matxistak «forma berriak» hartu dituela teknologiaren garapenarekin, eta «kontsumorako objektu» bilakatu dituela emakume langileak: «Industria kulturalak, esaterako, milioika euro eskuratzen ditu urtero, emakume langileon gorputza sexualizatzeari esker». Era berean, azpimarratu du «bortxaketak, erailketak edota jazarpen sexuala» direla indarkeria matxistaren «aurpegi gordinenak»; baina mila aurpegi dituela, «emakumeak gutxietsi, sozialki isolatu eta politikoki azpiratzea dakartenak». Horren aurrean, eta instituzioen proposamenek «muga argiak» dituztela iritzita, era independentean antolatu, babeserako tresnak garatu eta erasotzaileei aurre egiteko mekanismoak martxan jartzearen alde egin du Itaiak: «Emakumeon zapalkuntzarekin errealki amaitzeko, auzi sozial gisa identifikatu behar dugu indarkeria matxista, eta zapalkuntzarik gabeko gizarte bat eraiki».

 

«Gutako bakoitzari dagokio egoera aldatzea, egunerokoan eta gure inguru hurbilenean»

Ordubete beranduago, toki berean jarri du zita Hernaniko Koordinadora Feministak: manifestazio zaratatsua egingo dute, 19:30etan Plazatik abiatuta, honako leloarekin: Bai, hori ere indarkeria matxista da; hartu zure ardura! Manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Hernaniko Udaleko udal talde guztiek ere, adierazpen instituzional baten bitartez. Horretan, nabarmendu dute «arazo sozial larria» dela indarkeria matxista, eta «herritar ororen ardura» dela horren kontra egitea. Izan ere, diote indarkeriaren oinarrian daudela «gure jendartean errotuta dauden egoteko eta egiteko moduak, emakumeen eta heteronormatik kanpo dauden pertsonen diskriminazioa eragiten dutenak». Udalak ere nabarmendu du, erailketak direla indarkeriaren «aspektu ikusgarriena», eta 2003an emakumeen kontrako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 115 emakume eta 11 haur erail dituztela Euskal Herrian. «Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude, erauzitako bizi proiektuak», adierazi dute udal talde guztiek. Horregatik, diote «indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna» izango dela gaurkoa, ukitze eta ahozko lizunkerietatik hasi, eta sexu-eraso, eraso fisiko eta erailketetaraino. Aurten bereziki nabarmendu nahi izan dute «jai giroan emandako erasoen gorakada, eta bereziki sustantzia kimikorik gabeko ziztaden bidez eragindakoak». Nabarmendu dute, «Mugimendu Feminista saretu bat» atera dela kalera, eraso bakoitzaren aurrean; eta erakundeetan ere eman dela aurrerapausorik, EAEko Berdintasun Legearen erreformarekin, esaterako. Edonola ere, diote «gutako bakoitzari» dagokiola egoera aldatzea, «eguneroko zereginetan hasiz, gure inguru hurbilenean jardunez».

 

Alarma Morearen kontzertua, Goizuetako gaztetxean

Manifestazioak beharrean, ekintza bereziak prestatu dituzte Goizuetan. Gaur morez jantzi eta balkoiak morez apaintzeko deia egin dute, eta kontzertua antolatu dute Goizuetako Kultur Taldeak eta Emakume Taldeak: iluntzeko 19:00etan hasita, Alarma Morea taldeak joko du gaztetxean, errunba flamenko feminista doinuak eskainiz. Pintxoak eta edariak ere izango dira bertan.

 

Dantza, bertso eta kantuak Ereñotzun, indarkeria matxistaren kontra

Ereñotzuarrak, berriz, 19:30etan elkartuko dira frontoian, saio be­rezi baten bueltan. Aurrena, dantza emanaldia eskainiko dute Nuta espazioko laborategiko dantzariek, Arantza Iglesiasek zuzenduta. Ondoren, Aski da! mezua plazaratuko dute auzoko gazteek. Eta azkenik, bertsoak eta kantuak izango dira, indarkeria matxista gaitzesteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!