Santa Zezilia eguna ospatzeko, kontzertuak asteburu honetan ere

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 24a, 00:00
Txirriskla txistulari taldeak 50garren urteurrena ospatuko du, igandean.

Larunbatean kale buelta egingo du Goiz Eguzki abesbatzak, eta emanaldia eskainiko du Hernaniko txistu taldeak Milagrosan. Iganderako, berriz, saio berezia prestatu du Txirriskla txistulari taldeak, Erriberan.

Santa Zezilia eguna ospatu zuten bailarako herritarrek eta musikariek, azaroaren 22an. Egun berean ez ezik, aurreko asteburuan ere izan ziren kontzertuak; eta ospakizunak, jarraipena izango du asteburu honetan, bai Astigarragan eta bai Hernanin. Etzi, larunbatarekin, Goiz Eguzki abesbatzak hartuko du lekukoa, eta kaleetan barrena ibiliko dira kantuan, eguna girotuz. Eguerdiko 12:00etan hasiko dira Goiz Eguzkikoak kantuan, Plaza Berritik abiatuta, eta guztira 10 tokitan egingo dituzte geldialdiak, 16 melodiaz osatutako errepertorioa abestuz. Kale buelta amaituta, abesbatzako partaideak Goiz Eguzki elkartean bilduko dira, bazkari eder baten bueltan.

Larunbat iluntzean, berriz, txistularien txanda izango da; izan ere, kontzertua eskainiko dute 19:00etan, Milagrosan. Emanaldi berezia izango da, Hernaniko eta inguruko txistulariak elkarrekin ariko baitira, eta Hernani herria izango dute gai nagusia. Gainera, Isidro Ansorena txistulari hernaniar ezagunak konposatutako hainbat pieza ere joko dituzte. Eta zuzendari lanetarako, gonbidatu berezi bat ekarriko dute: Aitor Arozena txistulari oiartzuarra, Donostiako Udal Txistulari Taldeko partaidea, hain zuzen ere.

 

50garren urteurreneko ospakizuna, Txirriskla taldeak 

Igandean, Astigarragan hartuko du protagonismoa txistuak. Izan ere, kontzertu berezia antolatu dute Txirriskla taldeko txistulariek eta lagunek. Eguerdiko 12:45etan hasiko da emanaldia, Erriberako atarian, eta Santa Zezilia eguna ospatzearekin batera, izango dute beste ospakizun inportanterik ere: Txirrisklaren 50garren urteurrena ospatuko dute, musika artean. Mari Jose Gaztelumendiren zuzendaritzapean, txistulari lagunen, herriko Aiztondo eta Eragiyok abesbatzen, Astigar dantza taldearen eta herriko erraldoien laguntzaz eskainiko dute, Txirriskla txistu taldekoek aurreratu dutenez. «Denetik entzuteko eta ikusteko aukera izango duzue: kantu ezagunak, talde osoak jotako kantuak, bakarkako lanak, denek elkarrekin kantatu ahal izango ditugunak, Astigarragarekin ha­rreman berezia dutenak...».

Horregatik, herritarrak gonbidatu nahi izan ditu txistulari talde astigartarrak: «Etorri igande eguerdian Erriberako atarira, eta elkarrekin ospatuko dugu gu­re 50garren urteurrena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!