Santa Zezilia alaitzera kalera, musika ikasleak

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 22a, 00:00
Hernaniko Musika Banda, larunbatean Milagrosan, Judith Monterok zuzenduta.

Musikalean izango da Hernanin eta Astigarragan, gaur arratsaldean, musika eskolen eskutik.

Santa Zezilia eguna da gaur, musikarien egun haundia. Hori horrela, gauza jakina da ez dela musikarik faltako, bailaran. Musika eskoletako ikasleak arduratuko dira horretaz: Musikalean izango da Hernanin eta Astigarragan, gaur arratsaldean.

Hernanin, 18:00etan aterako dira Hernani Musika Eskola Publikoko ikasleak, eta herriko kaleak eta plazak alaituko dituzte musikaz. Astigarragan, berriz, 19:00etan jarri dute horretarako hitzordua, eta kalejiran ibiliko dira hiru talde, Kontxa Etxeberria plazaren inguruan: haize eta triki taldeak, eta abesbatza. Ondoren, 19:30etan, beste hiru talderen kontzertua izango da Erribera kulturguneko aterpean: Kitarra Gazte, Dobat eta CD Montre.

Bailarako beste zenbait taldek, berriz, asteburura aurreratu zituzten Santa Zeziliako ospakizunak. Hernaniko Musika Bandak, esaterako, kontzertu ede­rra eskaini zuen Milagrosan, larunbat iluntzean, Judith Montero hernaniarrak zuzenduta au­rreneko aldiz; eta Aiztondo eta Kantuz abesbatzek saio bikoitza izan zuten, Ensemble L'Inégalité orkestrarekin batera: astigartarren belarriak goxatu zituzten larunbat iluntzean Erriberan, eta hernaniarrenak igande eguerdian parrokian. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!