Antton Apezetxea goizuetarra, Bankoa-DV torneoaren semifinaletan

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 22a, 00:00

Iñaki Elola bidaniarrarekin batera ari da jokatzen, nagusietan. Joseba Arretxe eta Manex Alberdi kadete hernaniarrak, Gipuzkoakoaren finalera.

Gorabehera haundiko astea izan zen aurrekoa, bailarako esku pelotarientzat. Baina goitik jo zutenak oso pozgarriak izan ziren. Horien artean dago, esaterako, Antton Apezetxea goizuetarrak lortutako garaipena. Bankoa-DV torneo garrantzitsua ari da jokatzen, nagusietan, Iñaki Elola bidaniarrarekin batera; eta semifinaletara sailkatu dira. Joan den ostegunean, 22-17 irabazi zuten final laurdenetan, Julen Alberdiren eta Javi Cuairanen kontra. Oso partidu gogorra izan zen, 506 pelotakadakoa; eta bereziki luzea izan zen tantoetako bat: 98 pelotakada jo zituzten.

Pozgarria izan da, baita ere, Joseba Arretxe eta Manex Alberdi hernaniarrek lortutakoa: Gipuzkoako Txapelketaren finalera sailkatu dira, semifinalean Abantzuko Luluaga eta Unanue menderatuta (22-17). Partidu ikusgarria jokatu zuten, eta 17na berdinduta zirela, fisikoki hobeto eutsi zioten hernaniarrek, azkeneko bost tantoak lortzeko.

Julen Deskarga eta Oier Azpeitia jubenilek, ordea, galdu egin zuten semifinala, Lapkeko Kerejetaren eta Erauskinen kontra (22-8). Hernaniarrek ezin izan zuten bere maila erakutsi, Lazkaoko frontoi zailean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!