Partidu guztiak irabazita, asteburu borobila izan da talde nagusientzat

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 22a, 00:00
Denboraldiko aurreneko garaipena lortu zuen Mundarrok Zarkumendegin.

Garaipena lortu dute Hernaniko bi taldeek Ohorezko Erregional mailan, eta Mundarrok Preferenteetan.

Gozo-gozoa izan da asteburua, Urumea bailarako futbol taldeentzat: garaipena lortu dute Hernaniko eta Mundarroko futbol talde nagusi guztiek. 

Ohorezko Erregionalean, espero baino gehiago kosta zitzaien Hernaniko neskei, Bergara azkeneko sailkatuaren kontra; baina 2-1 irabazi zuten, Cesia Sotoren bi golei esker, eta etxean geratu ziren beste hiru puntu, bigarren postuari eusteko. Hiru puntu aurretik daukate Reala, liderra; eta hiru puntu atzetik Mariño, hirugarrena. Mutilek, berriz, garaipen garrantzitsua lortu zuten, Zumaiakoren zelai konplikatuan (0-1). Oier Belauntzaranek lortu zuen partiduko gol bakarra, eta horrekin, lidertza sendotu dute: Oiartzunen berdinketa baliatuta, haunditu egin dute tartea. Izan ere, Añorga da bigarrena orain, lau puntura.

Hiru puntu garrantzitsu lortu zituen Mundarrok ere, mutilen Erregional Preferentean. 2-1 nagusitu zen Zarkumendegin, Touringen kontra. Errenteriako taldea izan zen baloiaren jabe aurreneko zatian, eta astigartarrak ondo kokatuta egon arren, akats bat baliatu zuten kanpokoek, markagailuan aurrea hartzeko. Hobera egin zuen Mundarrok hortik aurrera, eta atsedenetik bueltatu berritan lortu zuen berdinketaren gola Ion Oiartzunek. Bigarren gola, berriz, Mikel Mendiburuk egin zuen, 65garren minutuan, area kanpotik jaurtiketa ederra eginda. Hortik aurrera, sendo aritu zen taldea, eta berdintzeko gol aukerarik ez zuen sortu Touringek. Horrela, denboraldiko aurreneko garaipena lortu zuen Mundarrok Zarkumendegin, eta Errenteriako taldearekin berdindu du sailkapenean, 14 punturekin.

Eta asteburua borobiltzeko, irabazi egin zuten Hernaniko mutil jubenilek ere, Liga Nazionalean. 2-1 menderatu zuten Arrupe Chaminade, Zubipen. Horrela, gora egin dute sailkapenean, eta beheko postuetatik urrundu dira. 13 punturekin, 13garren dira orain, eta 8-9 puntura dauzkate azkeneko hiru taldeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!