Ur Miak irabazi du derbia, eta txapelaren bila ariko da berriro

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 22a, 00:00
Ur Miako eta Elur Txoriko bolariak, ostiralean Ereñotzuko bolatokian.

Ereñotzuarrek nagusitasunez menderatu zuten Elur Txori, Taldekakoaren semifinalean (14-2).

Ur Mia ariko da Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren finalean, aurten ere. Ereñotzuarrek nagusitasunez irabazi zuten derbia, Elur Txoriren kontra, torneoaren semifinaletan (14-2), ostiral arratsaldean Ereñotzun.

Tiraldi bikainak osatu zituen Ur Miako laukoteak: Joxe Mari Etxebestek 36 brila bota zituen erronda batean, Aner Minerrek 35 lortu zituen hiru aldiz, 34ko bi erronda egin zituen Ibon Minerrek, eta 31 brilara ere iritsi zen Iñaki Miner. Elur Txorirekin aritu ziren Benito Loitegi, Fernando Gallego, Fermin Zuloaga eta Rosa Santos, eta lortu zuten erronda borobilik ere, tarteka: 35 brilako bat egin zuen Loitegik. Edonola ere, etxeko bolatokian nabarmen hobeto moldatu ziren Ur Miakoak.

Hori horrela, finala jokatuko dute igande honetan, Donostiako Arrobitxuloko bolatokian. Beste hiru talde izango dituzte kontrario: Zarautz 1, Legazpi eta Segura. Zarauztarrek Ostadarri irabazi zioten semifinalean, tiraldi oso lehiatuan (10-6). Legazpik eta Segurak, berriz, Gabiri 4 eta Gabiri 1 menderatu zituzten, nagusitasunez, biek ere 13-3.

Aurreko urtean, aurreneko aldiz irabazi zuen Gipuzkoako Txapelketa Ur Miak, eta erakutsi du indartsu jarraitzen duela. Bigarren txapela janzteko asmoz ariko da igandean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!