Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, elkarretaratzeak, Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 22a, 00:00
Elkarretaratze mordoak antolatu dira, azaroaren 25erako.

Aurten, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguneko kanpaina, erakundeen artekoa izan dela jakinarazi du Emakundek, eta ondorengo izena jarri diote aurtengo kanpainari: 'Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz'.

Ostiralean, Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Eguna da, eta Urumea bailaran aldarria egiteko deia luzatu diete herritarrei, antolatu diren manifestazioetara bertaratzeko eskatuz. 

Astigartarren kasuan, «indarkeria matxista gaitzesteko» ekintzak antolatu dituzte herriko hainbat eragilek, Udalarekin batera: «helburu horrekin hainbat ekimen egingo dira, helduentzat, gazteentzat eta nerabeentzat». Ekintza hauei azaroaren 14an eman zitzaien hasiera, eta jarduera batzuk burutu badira ere, gaurtik hilaren 26ra bitartean jarraipena izango dute. Gaur arratsaldeko 18:00etan, Gazteak harremanez hausnartzen solasaldia izango da Maitena Usabiagak gidatuta, Plax! bikote eta sexu aholkularitzako sexologoak, hain zuzen. Solasaldia, Emakumeon Etxean izango da, eta doakoa da. Bihar, nerabeen txanda izango da,eta hauek erailketa matxisten murala sortuko dute. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko dira Gaztelekutik, eta Herri Eskolako burdin hesian zintzilikatuko den murala osatuko dute elkarlanean. «Erailketa matxisten kontaketa hasi zenetik (2003), Euskal Herrian erail dituzten 115 emakume eta 11 adin txikiko omentzeko, euren omenezko txartelak eskegiko dira muralean».

Astigarragan, goizeko elkarretaratzea udaletxean izango da, 12:15etan.

Azaroaren 25erako antolatutako ekintzak, Urumea bailaran

Azaroaren 25erako, bat egin dute Urumea bailarako herritarrek. Izan ere, Astigarragan, Hernanin eta Goizuetan, manifestazioak egingo dira. Astigarragaren kasuan, bi ekintza antolatu dituzte ostiralerako: 12:15etan, Udalak deitutako kontzentrazioa egingo dute udaletxe aurrean, eta arratsaldeko 18:30etan, berriz, Emakumeon Etxeak deitutako manifestazioa egingo da. Kontxa Etxeberria plazatik abiatuko dira, herrian zehar ibilbidea egingo dute oinez, eta danbor soinuz girotuta, Emakumeon Plazan amaituko da manifestazioa. Azaroaren 26rako, Indarkeria Matxistaren Nazioarteko egunari amaiera emateko, AMAK taldearen kontzertua antolatu dute astigartarrek, Erriberan, arratsaldeko 20:00etan hasita. 

Hernanin, manifestazio zaratatsua egingo da ostiralean, 19:30etan.

Hernanin ere antolatu dira manifestazio eta elkarretaratzeak, azaroaren 25erako. Alde batetik, Hernaniko Koordinadora Feministak manifestazioa antolatu du ostiralerako, arratsaldeko 19:30etan hasita, Gudarien plazatik,  'Bai, hori ere indarkeria matxista da' lelopean. Bestalde, Itaiak ere egin du deialdia ostiralerako, 'Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki!' lelopean izango da kontzentrazioa. Arratsaldeko 18:30etan jarri du horretarako hitzordua Itaiak, Hernaniko Gudarien Plazan. 

Goizuetarrek ere egingo dute aldarria, azaroaren 25ean. Alarma Morea kontzertua eskainiko du Errunba flamenko feminista taldeak, arratsaldeko 19:00etan, Goizuetako Gaztetxean.

 

«Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz»

Aurten, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguneko kanpaina erakundeen artekoa izango dela jakinarazi du Emakundek. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek; eta EUDELek erakunde guztien arteko kanpaina koordinatua osatu dute. Kanpaina bateratu honek zuzenean hitz egiten die gizonei eta honakoa gogoratzen die: «bakarrik bai da baietz, eta  ezetz esateko modu asko daude, baina bat bakarra ulertzeko». Kanpaina honetan, gizonak dira, emakumeekin batera, beste gizon batzuei galdera hau egiten dietenak: «Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz».

 

INDARKERIA MATXISTAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNAREN HARIRA, EKINTZAK

HERNANI

AZAROAK 25

18:30 Kontzentrazioa.'Indarkeria matxistari aurre egiteko, Sozialismoa eraiki!' lelopean. Gudarien Plazan. Itaiak antolatuta. 

19:30 Manifestazio zaratatsua 'Bai, hori ere indarkeria, matxista da' lelopean. Gudarien Plazatik abiatuta. Hernaniko Koordinadora Feministak antolatua.

GOIZUETA

AZAROAK 25

19:00 Alarma Morea kontzertua. Errunba flamenko feminista taldearen eskutik, Gaztetxean. Adin guztietarako. 

ASTIGARRAGA 

GAUR

18:00 'Gazteak harremanez hausnartzen' solasaldia, Emakumeon Etxean. Gidaria: Maitena Usabiaga, Plax!. 

BIHAR

17:00 Erailketa matxisten murala sortu. Gaztelekuan 

AZAROAK 25 

12:15 Kontzentrazioa,udaletxean. Astigarragako Udalak deituta. 

18:30  Manifestazioa, Erriberatik abiatuta eta kale buelta. Emakumeon Etxeak deituta. 

AZAROAK 26

20:00 AMAK taldearen kontzertua. Erriberan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!