Finalerako aukerarik gabe geratu da Agin Laburu, Amurrioko saioan zenbait bertso eder eskaini arren

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 20a, 10:27

Agin Laburu, Amurrioko finalaurrekoan. Argazkia: Bertsozale Elkartea

Ofizioetako gaietan «kokatu ezinik» aritu zen astigartarra, baina bikain moldatu zen bakarkako lanetan. Bosgarren izan zen, 624 punturekin.

Bere buruarekin lasai bukatu zuen Agin Laburuk, larunbatean, bere partehartzea aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian. Bosgarren izan zen Amurrion, 624 punturekin, finalaurrekoen bigarren itzulian. Horrela, finalera sailkatzeko aukerarik gabe geratu da.

Astigartarrak aitortu zuen ofizietako gaietan «kokatu ezinik» aritu zela: «Eroso aritu naiz bertsotan, baina eseri naizen bakoitzean konturatu naiz zer egin dudan gaizki. Bertsoan baino, kokapenean kosta zait gehien. Baina nire egoera pertsonala ez da egokiena bertsotarako, eta beldur horrekin nentorren. Beraz, nire buruari barkatzen diot».

Ofizioetan, hiru puntuazio ia berdin lortu zituen Laburuk: 127,5 puntu hamarreko txikian eta zortziko haundian, eta 127 puntu zortziko txikian. Bakarkako lanetan, ordea, bikain moldatu zen: 95,5 puntu pilatu zituen puntu erantzunetan, eta 146,5 puntu ganbarako lanean. Bi ariketa horietan, Alaia Martinek soilik lortu zituen puntu gehiago. Oiartzuarrak nagusitasunez irabazi zuen Amurrioko finalaurrekoa ere, 676 punturekin; eta finalerako txartela ziurtatu du. Hori horrela, bigarren emakume finalista izango da, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren historian.

Larunbateko saioak jarri ditu aurreneko erreferentziak, bigarren itzuli honetarako; gauza jakina baita bajuagoak izango direla puntuazioak, aurreneko itzulian baino bertso gutxiago bota behar dituztelako. Finalerako azkeneko txartelak lortzeko lehian, Aitor Bizkarrak eman zuen pauso bat aurrera, 651,5 punturekin; eta aldiz, atzera egin zuen Oihana Iguaranek, 632,5 punturekin, puntu erantzunetan izandako poto baten eraginez.

Baionan, datorren larunbatean

Datorren larunbatean izango da hurrengo saioa, 17:00etan Baionako Lauga kiroldegian. Bertan ariko dira Eñaut Martikorena, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal eta Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colinarekin eta Julio Sotorekin batera. Finalerako pasea gertu dauka Gaztelumendik, aurreneko itzulian 716,5 puntu lortuta; eta azkeneko txartelen lehian sartu nahi du Ibarzabalek. 673 puntu dauzka markina-xemeindarrak, eta aurrea hartu beharko die Bizkarrari (1.329 puntu guztira), eta Sotori (686 puntu aurreneko itzulian).

Unai Agirre eta Eñaut Martikorena hernaniarrak, berriz, finalera sailkatzeko aukerarik gabe daude, 652,5 eta 636,5 punturekin, hurrenez hurren. Txapelketa modurik onenean bukatzea izango dute helburu, Baionan saio ederra osatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!