Erriberatik San Joan Bataiatzailera gaur, barroko garaiko musikagile europar ospetsuenen obrak

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 20a, 00:00
Kantuz eta Aiztondo abesbatzak, Erriberan atzo, Ensemble L'Inégalitérekin.

Kontzertua eskainiko dute Aiztondo eta Kantuz abesbatzek, Ensemble L'Inégalité orkestrarekin batera, 13:00etan hasita Hernaniko parrokian.

Asteburu berezia ari da izaten, bailarako musika talde eta abesbatzentzat: Santa Zeziliako ospakizuna aurreratu, eta kontzertuak eskaini zituzten atzo, Hernaniko Musika Bandak, eta Aiztondo eta Kantuz abesbatzek.

Astigarragako Erribera kulturgunean aritu ziren bi abesbatzak atzo, Ensembre L'Inégalité orkestrarekin batera, barroko garaiko musikagile europar ospetsuenen obrak interpretatuz. Eta kontzertu hori bera, Hernanin eskainiko dute gaur, San Joan Bataiatzailea parrokian, eguerdiko 13:00etan hasita.

Musika korala zein instrumentala izango da entzungai; hala nola, Georg Friedrich Händelen Messiah oratorioko zenbait zati ezagun, Hallelujah barne, edota Johan Sebastian Bach, Antonio Vivaldi, Henry Purcell eta Giovanni Battista Pergolesiren obrak. Igor Arroyok zuzenduko du emanaldia.

 

Musikalean, Santa Zezilia egunean bertan

Ez dira asteburuko kontzertuekin bukatuko Santa Zeziliari es­kainitako ospakizunak. Izan ere, Santa Zezilia egunean bertan, datorren asteartean, Musikalean ekimena izango da Hernanin eta Astigarragan, Euskal Herriko musika eskolek antolatzen dutena. Hernanin, arratsaldeko 18:00etan abiatuko dira Hernani Musika Eskola Publikoko ikasleak, eta kalez kale ibiliko dira, giroa alaitzen.

Astigarragan, berriz, iluntzeko 19:00etan hasiko dute kalejira, Norberto Almandoz musika eskolako hiru taldek: Haize eta Triki taldeek, eta abesbatzak. Kontxa Etxeberria plazaren inguruan ibiliko dira, eta segidan, 19:30etan, beste hiru taldek eskainiko dute kontzertua, Erriberako aterpean: Kitarra Gazte, CD Montre eta Dobat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!