Santa Zezilia eguna ospatuko dute asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 19a, 00:00

Hernaniko Musika Banda, iaz, Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin.

Kontzertuak eskainiko dituzte Kantuz eta Aiztondo abesbatzek, eta Hernaniko Musika Bandak, gaur eta bihar.

Azaroaren 22a da Santa Zezilia eguna, musikarien eguna. Baina Urumea bailarako musikariek, lehenago hasiko dute ospakizuna. Hain zuzen ere, Hernanin zein Astigarragan, kontzertuak eskainiko dituzte gaur eta bihar, bailarako zenbait abesbatzak eta musika taldek.

Hernanin, ...musikaren kulunkan... izeneko kontzertua eskainiko du Hernaniko Musika Bandak gaur, udaletxeko arkupeetan, 19:00etan hasita. Judith Montero Imaz hernaniarrak zuzenduko du Banda aurrenekoz, eta beste hainbat sorpresa izango dira emanaldian. Izan ere, zenbait berrikuntzarekin batera, kontzertuan estreinatuko dute Dantzazaharra pieza, Anne Pérez de Azpeitia Hamilton Bandako kidearen azken lana.

Aurreratu dutenez, kontzertu honen xedea da «musikak gorputzean sortzen duen mugimenduaren ikuspegitik entzutea, eta baita dantzak eskatzen duen hausnarketa musikala egitea ere». Baina, era berean, ...musikaren kulunkan... emanaldiak erreferentzia egiten dio bizitzaren gorabeheretan musikak laguntzeko duen gaitasunari: «une zoriontsuetan, baina baita une triste edo gogorretan ere, eta lasaitasuna eskaintzen digu ziurgabetasunean, kaosaren aurreko ordenean; kulunkan hipnotizatzen gaitu eta garaiz kanpo denbora moduko bat darama».

Hori lortu ahal izateko, taldeak Judith Monteroren gidaritza izan du. Batuta hartu eta errepertorioari buruz hausnartu ostean, hainbat argibide eman dizkio Musika Bandari, eta, jakitera eman dutenez, horri esker lortu dute saioa bideratzea. Esan dutenez, taldeari «izaera artistiko haundiagoa» eman dio, «musikariek mugimendu bakoitzaren faseak eta testuingurua uler ditzaten». Entsaio gutxi izan direla ere aipatu dute, «baina Judithek bere baliabide-aberastasuna eta harmonizazio-gaitasuna frogatu eta ulertaraztea lortu du».

Esanak esan, kontzertu haundia izango dela aurreikusten da. Besteak beste, Jose Franco Ribatek idatzitako Lau Urtaroak Euskal Balleta interpretatuko dute, «euskal musika ondarea berreskuratzeko eta hedatzeko» helburuz. Gainera, Pérez de Azpeitia taldekideak, fagotista eta konpositorea denak, Dantzaharra piezaren estreinaldia eskainiko du. «Azkue eta Aita Donostiaren kantutegietan jasotako Baile de la bandera de Santesteban lanean oinarrituta, soinu arkaikoen eta gaur egungo konposizio-lengoaiaren arteko nahasketak oroitzapen-konposizioa ekarriko du gogora, sinbolismoz betea, musika zinematografikotik hurbil une askotan», aurreratu dute Hermubakoek. Autoreak adierazi duenez, hori sortzeko proposamena jasotzean «asebeteta sentitu naiz, nire musika-zirkulutik kanpoko pertsona batek baliozkotzat jo nindukeelako horrelako lan bat egiteko. Prozesua amaituta, oso eskertuta nago bandarekin». 

 

Aiztondo eta Kantuz 
abesbatzek, bi emanaldi

Hernaniko Musika Bandaren kontzertua gutxi balitz, Aiztondo eta Kantuz abesbatzek zita bikoitza jarri dute, bat eginda: Ensemble L'inégalité orkestraren laguntzarekin, kontzertu bana eskainiko dute gaur eta bihar. «Barroko garaiko europar musikagile ospetsuenen obra ezagunak eskainiko ditugu, bai korala eta bai instrumentala», aurreratu dute. Hala nola, entzun ahal izango dira Handelen Mesias oratorioko zenbat zati ezagun, Hallelujah barne, eta baita Bachen, Purcellen edota Pergolesiren musika ere.

Astigarragan ariko dira gaur, arratsaldeko 19:30etan hasita, Erribera kulturguneko areto nagusian. Hernanin, berriz, bihar eskainiko dute kontzertua, San Joan Bataiatzailea parrokian, eguerdiko 13:00etan hasita. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!