Gipuzkoako Txapelketaren finalera, Alain Agirre eta Beñat Zubiarrain

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 19a, 00:00
Beñat Zubiarrain astigartarra.

13-25 irabazi zuten semifinaletako bueltakoa, Loiolan, eta nagusien bigarren mailako finala jokatuko dute, datorren asteburuan.

Torneo bikaina borobildu, eta finalera sailkatu dira Alain Agirre hernaniarra eta Beñat Zubiarrain astigartarra, Gipuzkoako Txapelketan palaz, nagusien bigarren mailan. Semifinaletako bueltakoa jokatu zuten ostegunean, Donostiako Loiola auzoan, Loiolatarrako Aranaren eta Urbietaren kontra; eta 13-25 nagusitu ziren. Horrela, joanekoan lortutako garaipena (25-23) berretsi zuten, eta final haundirako txartela eskuratu.

Datorren asteburuan jokatuko dute finala, eta gaur ezagutuko dute kontrarioa: Pagazpeko Errazti eta Uribarri, edo Batzokikoko Alzuagaray eta Aramburu. Joanekoan, usurbildarrek 21-25 irabazi zuten Loiolan.

Baina finalerako pasea ez ezik, beste sari potolo bat ere eskuratu dute Agirrek eta Zubiarrainek dagoeneko: lehenengo mailan ariko da Mundarroko bikotea, datorren denboraldian.

 

Eskuz, banakakoa martxan

Eskuzko lehian, berriz, buruz buruko Gipuzkoako Txapelketa hasi dute aste honetan, mutil nagusien, jubenilen eta kadeteen mailetan. Bailarako makina bat esku pelotarik hartuko dute parte. CD Hernanik 18 esku pelotari izango ditu: nagusietan zazpi, jubeniletan bost, eta kadeteetan sei. Helburua izango da, hainbat pelotari sailkatzea azken fasera. Mundarrok, berriz, esku pelotari bana izango du nagusietan eta kadeteetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!