Hasi da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial erraldoia. Atzo hasita, eta abenduaren 2ra arte, 15 egunez eutsiko diote euskerari, bailarako milaka herritarrek, ahobizi eta belarripresten paperean.
Eta ariketari hasiera elkarrekin emateko, ekitaldi polita egin zuten ostegun iluntzean, Hernanin, Atsegindegin elkartuta. Irati Jauregi musikari hernaniarrak girotu zuen musikaz, eta denek elkarrekin jantzi zuten txapa, Euskaraldia abiatzeko testua irakurri ondoren: «Heldu da azkenean euskal herritar guztiok elkarrekin batera egingo dugun erronka; ahobizi eta belarriprest, denak batera, 15 egunez, euskeraz. Hautuak harrotasunez erakutsi eta probatzeko garaia da Euskaraldia. Txapak jarrita ingurukoei gure nahia erakusteko garaia. Garaia da urrats sendoak emateko, hautu pertsonal eta kolektiboak eginez, bide berriak ireki eta ohiturak aldatzeko. Hitzez ekiteko gonbidapena da hau. 15 egun ditugu, hitza ekintza bihurtuta, lorpen berriak izateko. Lorpen txiki, ertain eta haundiak. Milaka, milioika lorpen. Lorpen horiei esker aldatuko ditugu gizartearen inertziak. Hitzak mugitzeko eta mugiarazteko boterea du. Hitzez eta ekinez gu mugituko gara eta gure ingurukoak mugiaraziko ditugu, baita mugiezinak diruditenak ere. Eutsi hitzari eta jantzi txapak. Hitzez ekiteko garaia hasi da!».