Talde nagusi gehienek partiduak Zubipen eta Zarkumendegin, gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 19a, 00:00
Nazional mailako jubenilen taldeak Arrupe Chaminade izango du aurkari.

Ohorezko Erregionalean, nesken taldeak 12:30etan; Liga Nazionalean, mutil jubenilek 16:30etan; eta mutil Preferenteen mailan, Mundarrok 15:30etan.

Beste erronka bat dute aurretik, asteburu honetan, bailarako futbol taldeek. Hernanik zein Mundarrok, hitzordu garrantzitsuak dituzte jardunaldi honetan. Gainera, talde nagusi gehienek etxean jokatuko dituzte norgehiagokak, Ohorezko Erregional mailako mutilen taldeak izan ezik. 

Mundarrok, Gorengoen mailan, Touringen kontra neurtuko ditu indarrak. Gaur du horretarako hitzordua, 15:30etan hasita, Zarkumendegin. Joan den asteburuan, Hondarribiaren aurka nagusitu zen, 0-1eko emaitzarekin. Hasiera zaila izan zuten astigartarrek, etxekoak aurreratzen saiatu zirelako hasiera-hasieratik. Hala ere, segituan hartu zuen martxa Mundarrok, eta horrelaxe heldu zen Mikel Errastiren garaipeneko gola, lehenengo zatian. Bigarren erdian, gol aukerak izan zituzten hondarribiarrek, baina ez zuten lortu baloia moreen sarean sartzea. 

 

Bi partidu, Zubipen

Hernaniarren kasuan, Ohorezko Erregional mailako nesken taldeak Bergara izango du aurrez aurre, 12:30etan hasita. Ezin hobe ari dira hernaniarrak, partidu guztiak irabazi baitituzte Realaren aurkakoa izan ezik. 24 punturekin, bigarren postua dute sailkapen orokorrean, eta garaipenak lortuta, bide beretik jarraitzea dute helburu. 

Nazional mailan, jubenilen taldeak Arrupe Chaminaderen aurkako norgehiagoka du hurrengo geltokia. Etxean du donostiarren kontrako partidua, gaur, 16:30etan. Joan den asteburuan, kolpea jaso zuen Hernanin Athleticen B-ren aurka 5-2 galduta. Horregatik, oraingo honetan hiru puntuak etxean gelditzeko borrokatuko dute Aingeru eta Haritz Otxotorenaren mutilek. Sailkapenean, hernaniarrek atzetik dute Arrupe Chaminade, eta abantaila hori aprobetxatuko dute puntuak batu eta tartea haunditzeko. 

Bere aldetik, Ohorezko Erregional mailako mutilen taldeak etxetik kanpo jokatuko du asteburu honetan. Zumaiako Aia Mari zelaian, Zumaia izango du aurrez aurre, gaur, 16:00etan. Une honetan, liderra da Hernani, 23 punturekin, eta lidergoa mantentzeko borrokatuko du zumaitarren aurkako lehian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!