Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 16a, 00:00
Markel Lizeaga eta Xabier Apaolaza, txapelak jantzita, Antzuolan.

22-14 nagusitu ziren, Soraluzeko Mendizabalen eta Balerdiren kontra, eskuz. Palaz, aldiz, jokatutako bi finalak galdu zituen Hernanik.

Gazi-gozoa izan da aurreko asteburua, bailarako pelotarientzat, Gipuzkoako Txapelketan. Lau partidu zeuzkaten bereziki garrantzitsuak, eta bitan lortu dute garaipena. Eskuz, finala jokatu zuten Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrek, nagusien lehenengo mailan, igandean Antzuolan; eta txapela ekarri zuten: 22-14 nagusitu ziren, Soraluzeko Mendizabalen eta Balerdiren kontra. Maila onean aritu ziren hernaniarrak, eta 0-3 galtzen hasi arren, azkar eman zioten buelta, eta nagusi izan ziren hortik aurrera.

Palaz, ordea, zapore gazia izan zuten hernaniarrentzat, ostiralean etxean jokatutako bi finalek. Nagusien lehenengo mailan, ez zuten aukerarik izan Miren Goikoetxeak eta Maider Huizik, eta 16-30 galdu zuten Su Berriko Galdosen eta Mendizabalen kontra. Eta nagusien bigarren mailan ere, porrota jaso zuten Enara Macicior eta Ane Kerejeta gazteek, Ataungo Aldasororen eta Lopezen kontra (28-30), baina oso bestelakoa izan zen partidua. Ordu eta erdiko lehia bizia izan zuten, oso partidu gogorra, eta bikain aritu ziren hernaniarrak. Urduri ekin eta 0-6 galtzen hasi arren, eman zioten buelta, eta 23-20 aurretik ere izan ziren. Baina ataundarrek berdindu eta ihes egin zuten berriro (26-29), eta azkeneko saiakera egin arren, ezin izan zuten garaipena lortu hernaniarrek. Jende asko gerturatu zen jaialdia ikustera, eta sekulako giroa izan zen harmailetan.

Emaitza gozorik ere izan du asteburuak, bailarako palistentzat: finalera sailkatzeko pausoa eman dute Alain Agirre hernaniarrak eta Beñat Zubiarrain astigartarrak, nagusien bigarren mailan. 25-23 garaitu zituzten Loiolatarrako Arana eta Urbieta, semifinaletako joanekoan. Aste honetan daukate bueltakoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!