Kontzertu bereziz jantzitako asteburua eta kale buelta musikalak, Santa Zezilia eguna ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 16a, 00:00
Kantuz eta Aiztondo abesbatzak, Santa Zeziliako kontzertuan, iaz Biterin.

Aiztondo eta Kantuz abesbatzek bi kontzertu eskainiko dituzte Astigarragan eta Hernanin, asteburuan, Ensemble L'Inégalitérekin batera.

Datorren asteartean izango da Santa Zezilia, musikarien eguna. Urtero ospatu ohi dute bailarako musikari eta taldeek, eta aurtengoan emanaldi bereziak prestatu dituzte horretarako.

Asteburuan hasiko da ospakizuna, eta hiru emanaldi berezi eskainiko dituzte. Batetik, Hernaniko Musika Bandak eskainiko du kontzertua larunbatean, 19:00etan udaletxeko arkupeetan, ...musikaren kulunkan... izenburupean. Judith Montero Imaz hernaniarrak zuzenduko du banda aurrenekoz, eta kontzertu honetan estreinatuko dute bandako kide batek, Anne Pérez de Azpeitia Hamiltonek, sortutako obra.

Eta bestetik, bi kontzertu eskainiko dituzte Aiztondo eta Kantuz abesbatzek, Ensemble L'Inégalité orkestrarekin batera. Astigarragan ariko dira larunbatean, 19:30etan Erribera kulturgunean; eta Hernanin igandean, 13:00etan San Joan Bataiatzailea parrokian. Barroko garaiko musikagile europar ospetsuenen obra ezagunak eskainiko dituzte, Igor Arroyok zuzenduta.

 

Musikalean, asteartean bertan

Beste bi hitzordu jarri dituzte, bi herrietan, Santa Zezilia egunerako: Musikalean izango da, Hernanin eta Astigarragan. Arratsaldeko 18:00etan aterako dira Hernani Musika Eskola Publikoko ikasleak, eta kalez kale ibiliko dira. Astigarragan, berriz, 19:00etan hasiko dute kalejira, Norberto Almandoz Musika Eskolako hiru taldek: haize taldea, trikitilariak eta abesbatza. Kontxa Etxeberria plazaren inguruan ibiliko dira, eta segidan, Erriberako aterpean eskainiko dute kontzertua beste hiru taldek, 19:30etan hasita: Kitarra gazte, CD Montre eta Dobat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!