TOKIKOMek 10 urte

Bere bazkide guztiak saritu ditu Tokikomek, azkeneko 10 urteotan elkarrekin egindako bidearen omenez

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 15a, 00:00
Tokikomeko bazkide diren toki komunikabideetako ordezkariak, jasotako sariak eskuan dituztela, erakundeetako ordezkariekin batera.

Tokikom Sariak banatzeko ekitaldi berezia egin zuen toki komunikabideen bateraguneak, aurreko ostiralean, Arantzazuko Santutegian.

Berezia izan da aurten Tokikom Sariak banatzeko ekitaldia, berezia baitzen urtea bera ere: 10 urte bete ditu Tokikomek, toki komunikabideen bateraguneak. Hori horrela, leku paregabean jarri zuen hitzordua, Arantzazuko Santutegian, aurreko ostiralean. Bertan elkartu ziren tokiko komunikabide askotako ordezkariak, eta baita erakunde publikoetakoak ere.

Zazpigarren edizioa zuten Tokikom Sariek, eta aurrekoetan ez bezala, komunikazio proiektu osoak aukeratu zituzten, saria jasotzeko. Baina sorpresa bat zeukan gordeta Tokikomek: bere bazkide guztiak saritu zituen ostiralean, «taldea ofizialki eratu zenetik 10 urte bete berri diren honetan, elkarrekin egindako bidea ospatu eta aldarrikatzeko». Hori horrela, saria jaso zuen Kronikak ere, Tokikomen sorreran egon zen hedabideetako bat izanik, «Kronika komunikazio proiektua garatzen eta egokitzen jakiteagatik, herritik bailarara eta paperetik multimediara salto eginez, inguruko tokikoekin saretzea areagotuz».

Joxe Rojasek, Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendariak, adierazi zuen «espero baino askoz ere gehiago» aurreratu dutela Tokikom martxan jarri zenetik: «aurrerapen hori, oinarrian, bazkide guztiek denbora honetan egindako ahaleginari eta bultzadari esker izan da, eta iruditu zaigu gaurkoa aukera ezin egokiagoa zela ahalegin eta lorpen horiei benetan duten meritua aitortzeko».

Tokikomen historiari buruzko ikusentzunezkoa, ikusgai

Sariak banatzearekin batera, Tokikomen historiari errepasoa ere egin zioten ekitaldian, 10 urte, hamaika ahots ikusentzunezkoarekin. Jarraian dago ikusgai, ikusentzunezkoa bera:


Baina iraganari baino, etorkizunari begira jarri ziren ekitaldian, bazkideak protagonista izan zituzten mahai inguruen bitartez. Tokikomen hurrengo urteetako erronkei buruz ere aritu ziren: «Haundienetakoa da Tokikomen beraren izaera eraldatzea», azaldu zuen Alaitz Artolazabalek, Tokikomeko zuzendari nagusiak: «Gure hausnarketa estrategikoan onartuta daukagu Tokikom komunikabide talde izatetik komunikazio talde izatera pasatu behar dugula, eta horren inplikazioak zehazten joan behar dugu pixkanaka». Finantziazioa da beste erronka haundi bat, Iban Arantzabal presidenteak azaldu zuenez. «Batetik, formula berriak bilatu behar ditugu gure komunitatearen sostengua haunditzeko: kidetza formula berriak sortu, produktu berriak eskaini, harreman estuagoa garatu tokiko merkatariekin... Eta bestetik, dirulaguntza publikoen gaian, erakundeekin azken urteetan landutako akordioetan sakondu eta formula berriak adostera jo beharko genuke; betiko laguntza lehiakorren eskematik atera eta hitzarmen egonkorragoak lortu, oraingo laguntzen ziurgabetasunarekin amaitzeko».

Azkenik, Tokikomek aurreratu du jardunaldi publikoak antolatuko dituela 2023an, 10garren urteurreneko ospakizunen barruan, Europa mailako tokiko komunikabideen errealitatea eta erronkak hizpide.

Erlazionatuak

TOKIKOM Sarien banaketa ekitaldia, iruditan

Kronika - Erredakzioa 2022 aza 14

TOKIKOM: 10 urte, hamaika ahots

Kronika - Erredakzioa 2022 aza 14

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!