Saioa irabazita, bigarren itzulirako zuzeneko txartela lortu zuen atzo, Aitor Mendiluzek

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 13a, 09:42
Seigarren postuan gelditu zen Eñaut Martikorena, 636,5 punturekin. Argazkia: bertsozale.eus

Lehen itzuliko azken saioa izan zen atzokoa eta, hortaz, dagoeneko erabaki da zeintzuk izango diren hurrengo fasean kantatuko duten bertsolariak.

Atzo 2.000 pertsona elkartu ziren Durangoko Landako gunean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen itzuliko azken finalaurrekoan. Guztira, sei bertsolari izan ziren Durangon: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia eta Saioa Alkaiza Guallar.
Hernaniko Bertso Eskolako bi izan ziren puntuazio gehien lortu zituzten bertsolariak, eta finalean egoteko pauso erraldoia eman zuten, puntuazio altuak lortuta: Aitor Mendiluzek irabazi zuen Durangoko saioa (726,5 puntu), eta Beñat Gaztelumendi bigarren gelditu zen (716,5 puntu). Eñaut Martikorena, aldiz, saioko seigarrena gelditu arren, finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatzea lortu zuen, 636,6 punturekin. 
 
Bigarren itzulia
Finalaurrekoen lehen itzuliko azkeneko saioa jokatuta, orain erabakita gelditu da zein 18 bertsolarik egin duten aurrera bigarren itzulira eta bailarakoak daude tartean: Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi, biak finalera sailkatzeko oso ondo kokatuta daude; Agin Laburu eta Nerea Ibarzabal, berriz, finalerako borrokan, baina zaila daukatenak. Izan ere, multzo haundi bat dago 6garren eta 7garren lekuetarako lehian. Unai Agirre eta Eñaut Martikorena, aldiz, bigarren itzulira pasa dira, baina finalerako aukerarik gabe itxuraz. Azaroaren 19an, jokatuko da finalaurrekoen bigarren itzuliko lehenengo saioa, Amurrion eta bertan izango da Agin Laburu astigartarra. Azaroko azken asteburuan, berriz, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena eta Nerea Ibarzabal ariko dira, besteak beste, Baionan. Eta Aitor Mendiluze, abenduaren 3an ariko da, Bilbon.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!