Martxan, 'Geuretik Sortuak' egitasmoaren bigarren edizioa

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 12a, 00:00
Martxan da 'Geuretik Sortuak' egitasmoaren bigarren edizioa.

Zinegintzan, antzerkigintzan, literaturan eta, estreinakoz, komikigintzan aritzen diren sortzaileei zuzendutakoa da.

Aurreko edizioaren arrakastak bultzatua, martxan da berriro ere Geuretik Sortuak ekimena. Euskeraz sortutako artea sustatu eta hedatzea helburu duen ekimen honek bigarren edizioa izango du, 2023 eta 2024 urteetan zehar luzatuko dena. Zinemagintzan, antzerkigintzan, literaturan eta, estreinakoz, komikigintzan aritzen den sortzaileei zuzendutako beka deialdia zabaldu zuen Udalbatzak.

Aurreko edizioan bezalaxe, aurtengo beka deialdiak honakoa sustatuko du: «Aipatutako arte alorretako sortzaileek, euren bizilekua ez den herri batean hiru astera bitarteko egonaldia egingo dute, bertako errealitatean modu askean oinarrituta, herritarrekin harremanean, euskerazko sormen lan bat garatzeko. Hautatua den sortzaile bakoitzari bi beka eskainiko zaizkio: bata, lanaren sormen, garapen edota ekoizpenerako; eta bestea, ostera etorriko den hedapen fasean sortzaileek egingo dituzten aurkezpen ordainsari gisa».

Bestalde, deialdian ez da argitaratuko edizio honetan parte hartuko duten udalerrien zerrenda. Sortzaileek eurek garatu nahiko luketen proiektuaren proposamen ireki bat aurkeztu beharko dute, baita eremu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna adierazten duen beste dokumentua ere. Literatur lanak, berriz, ipuin luzeak izango dira, eta bilduma batean argitaratuko dira. Eta komikigintzarekin gauza bera egingo da. Antzerki lanak bakoitza bere aldetik aurkeztuko dira emanaldi zirkuituan, eta, azkenik, zinemagintzaren arloan, film laburrak ez dira film luze bakarrean ekoitziko.

Sormen lanak amaituta entregatu ahal izateko, kultur arlo bakoitzeko epe ezberdina izango dute artista horiek: ipuinen eta komikien kasuan, datorren urteko, 2023ko, irailaren 22an; antzezlanen kasuan, berriz, 2023ko azaroaren 24an; eta film laburren kasuan, 2023ko abenduaren 23an. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!