TOKIKOMek 10 urte

«Akuilu lana egiten du Tokikomek gurekin»

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 10a, 16:29

GOIZEDER ANTON. GUAIXEKO KOORDINATZAILEA

Sakanako Guaixe 1994an sortu zen, unibertsitatean Kazetaritza ikasten ziharduten hiru neskaren ekimenez. Euskaltzaleekin harremanak sustatzen hasi eta elkarrekin Guaixe hilabetekaria argitaratzeaz arduratuko zen elkartea sortu zuten. Hainbat urteren ostean eta maiztasuna areagotzeko beharrari erantzunez, Oixe astekaria argitaratzeari ekin zioten 2001ean.

"Euskaltzaleekin harremanak sendoak izan dira. eta horren adierazgarri da Topaguneko kide ere bagarela hasieratik. Horri esker, gure kezkak beste hedabide batzuek ere bazituztela konturatu ginen, eta, 2012an Tokikom sortu zenerako, esan daiteke jada dinamika horretako parte ginela. Ez ginen berariaz Tokikomen sartu, sorrerako hausnarketa eta talde dinamikan parte hartzen ari ginen ordurako". 

"Tokikomek sekulako babesa ematen digu" dio Antonek. "Taldean aritzeak beti laguntzen du, bai publizitatean, baliabide teknologikoak negoziatzerakoan eta abar. Babesa azpimarratu nahi dut, benetan horrela sentitzen dugu eta. Hastapenetik orain arte".

Akuilu eta babesa

Beste funtzio garrantzitsu bat akuiluarena dela dio. "Askotan, gure errealitate zentratu horretatik burua altxatzen laguntzen digu, batzuetan, nahi genukeena baino erritmo azkarragoetan doazelako proiektuak. Tokikomek egiten duen akuilu lana oso lagungarria da gure errealitatetik aterarazteko".

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!