Euskalerria Irratia 1988an sortu zuten Iruñerriko hainbat euskaltzalek, Iruñean euskarazko irrati bat sortu eta Euskadi Irratiaren seinalea zabaltzeko helburuarekin, garai hartan ez baitzen seinalea hiriburura iristen.
Hasieratik ekin zioten tokiko kazetaritza, nazio ikuspegia, funtzio publikoa zein herri ekimeneko izaera uztartu eta tartekatzeari.
"Hori dena oso bat zetorren Tokikomen izaerarekin", azpimarratzen du Juan Kruz Lakastak, Euskalerria Irratiko kideak. "Hasieratik nahiko zakur berde ginela konturatu ginen –barka erdarakada, baina oso adierazgarria da kasu honetan–. Izan ere Tokikomeko hedabide gehien-gehienak paperezkoak ziren, hiriburuetatik at garatutakoak, oso eremu euskaldunetan sortuak eta oso hizkuntza komunitate trinkoetara bideratuak". Horiek tokiko kazetaritzaren aldeko apustua egin zutela dio: "Baina gure proiektua bestelakoa izan den arren, filosofiarekin oso bat gentozen. Saretzearen alde egon gara eta egonen gara beti. Horregatik sartu ginen Tokikomen".
Bakarrik ezin da
Datozen urteotara begira zer espero duen galdetuta, bidea elkarrekin egiten jarraitzean jartzen du indarra. "Sare sozialetan azkenaldian esan ohi den bezala, bakarrik ezin da, lagunekin bai. Segi dezagun elkar laguntzen bidean aurrera, aldapak pikuagoak izaten baitira bakarrik zoazelarik".