Aurreneko txapelaren bila gaur, Iker Salaberria

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 12a, 00:00

Iker Salaberria eta Julen Egiguren, pelota aukeraketan. Argazkia: Aspe Pelota

Iruñeko Labriten jokatuko du Promozioko Lau t'erdiko Txapelketaren finala, arratsaldeko 17:15etan, Julen Egiguren azpeitiarraren kontra. Bihar, berriz, Gipuzkoako Txapelketaren finala daukate Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak.

Profesionaletan bere bigarren finala jokatuko du gaur, Iruñeko Labriten, Iker Salaberria goizuetarrak: Promozioko Lau t'erdiko Txapelketarena, Julen Egiguren azpeitiarraren kontra, arratsaldeko 17:15etan hasita.

Maiatzean jokatu zuen aurreneko finala goizuetarrak, Promozioko Buruz Burukoan; baina hura ez zen amestutako finala izan, inondik inora: «Arantza atera nahi dut, final hartan urduri hasi nintzelako eta ez nuelako lehiatu. Horregatik, final honetan, irabazi edo galdu, nire jokoa erakutsi nahi dut», adierazi du. Bere maila onenean aritu nahi du, eta ahal dela, aurreneko txapela jantzi. Horretarako, behintzat, momentu onean iritsi dela uste du: «Aurreko partiduetan izandako sentsazioak onak dira, eta espero dut hori bera islatzea finalean ere». Egigurenek berak, nabarmendu du «oso momentu onean» dagoela Salaberria, eta «konfiantza haundiarekin».

Finala Labriten jokatzea «oso polita» dela aitortu du Salaberriak, «sortzen den giroarengatik». Eta aurreratu du, «familia eta lagunak ondoan» izango dituela, animoak ematen. Asteartean aukeratu zituzten finalerako pelotak, eta «pozik» agertu da goizuetarra: «nireak azkarragoak dira beharbada, eta Julenen pelotek jokatzeko aukera ematen dute».

Elkarren kontra aritu ziren ligaxkan, eta orduan 22-20 irabazi zuen goizuetarrak, 8-18 galtzen egon ondoren. Goizuetarrak adierazi du, dena den, «hobeto» ekin beharko diola: «egoera hori errepikatuz gero, badakit ez diodala berriro buelta emango final batean».

 

Apaolazak eta Lizeagak, Gipuzkoako Txapelketaren finala bihar Antzuolan

Afizionatu mailari dagokionez, Gipuzkoako Txapelketaren finala jokatuko dute bihar eguerdian Xabier Apaolazak eta Markel Lizeaga hernaniarrek, mutil nagusien lehenengo mailan. Antzuolan jokatuko dute, 12:00etan hasita, Soraluzeko Balerdiren eta Mendizabalen kontra.

Apaolaza gazteak ez du lan erraza izango Mendizabal profesional ohiaren kontra; eta atzean, afizionatu mailako atzelari onenetako bi ariko dira, nor baino nor gehiago. Ikuskizuna ziurtatuta dago, eta CD Hernaniko pelota sailetik deia luzatu diete herritarrei, bertara joan, hernaniarrak animatu eta finalaz gozatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!