Barru-barrutik bizituko dute Behobia-Donostia lasterketaren magia, bailarako dozenaka herritarrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 12a, 00:00

Ehunka korrikalari, iazko Behobia-Donostia lasterketan, Irun zeharkatzen. Argazkia: Behobia-Donostia

Bihar goizean izango da 20 kilometroko lasterketa ezaguna, 30.000 partehartzailerekin; eta tartean egongo dira Urumea bailarako asko eta asko. Goizeko 09:30etan abiatuko dira aurrenekoak, eta 11:30etan azkenekoak.

Bihar osatuko dute etxeko lasterketa magikoa, korrikalari gipuzkoarrek. 30.000 lagunek bizituko dute Behobia-Donostia barru-barrutik, eta horien artean izango dira Urumea bailarako dozenaka herritar ere. 187 izan ziren joan den urtean, baina ia 300 izatera ere iritsi dira azkeneko urteotan.

Goizeko 09:30etan abiatuko dira aurrenekoak, Behobiatik: gurpildun aulkietan doazenak. Bost minutu beranduago aterako dira patinatzaileak, eta korrikalarien txanda izango da gero. Eliteko neskak aterako dira aurrena, 09:55etan; eta segidan dortsal horia duten korrikalariak, 10:00etan. Hortik aurrera, multzoka aterako dira, kolore ezberdinetako dortsalekin, bakoitza dagokion orduan. 11:30etan abiatuko da azkeneko multzoa Behobiatik.

Behobiatik Donostiara, 20 kilometro egingo dituzte, azkeneko urteotako ibilbidearekin: Behobia, Irun, Gaintxurizketa, Errenteria, Pasai Antxo, Herrera, eta Mirakruz, Bulebarreko helmugara iristeko. Asko eta asko izango dira lasterketa barrutik bizituko dutenak; baina beste horrenbeste, edo gehiago, errepide bazterrean egongo direnak, etengabe animoak ematen. Horixe baita lasterketaren arrakastaren ezaugarri nagusietako bat: ibilbide osoan sortzen den giroa.

Eta zuk, lasterketan parte har­tuko duzu? Animatzera joango zara? Bidali eguneko argazkiak kronika@kronika.eus helbide elektronikora! Txoko berezia eskainiko diogu Behobia-Donostiari, datorren astearteko alean; eta bertan argitaratuko ditugu zuen argazkiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!