Euskaraldiaren atzera kontua hasia dago, ariketa kolektiboa egiteko egunak gerturatzen ari dira. Dagoeneko amaitu da arigune gisa izena emateko epea, baina norbanakoek ahobizi eta belarriprest roletako bat aukeratu eta izena emateko epea azaroaren 17an bukatuko da. www.euskaraldia.eus webgunean edo herrietako Euskaraldia batzordeen bidez eman daiteke izena. Baina Euskaraldia zer den jakiteko jo dugu Garikoitz Goikoetxea Etxeberria euskara teknikariarengana.
Euskaraldiak hirugarren edizioa du aurtengoa. Lehenengoa bezain beharrezkoa da?
Lehendabizikoa bezain beharrezkoa edo are beharrezkoagoa dugu. Orain dela lau urte ikusi genuen Euskal Herriko zenbat eta zenbat herritan zer ilusio sortu zuen Euskaraldiak, astindu bat eman zion euskararen normalizazio prozesuari. 2020an izan genuen bigarren Euskaraldia. Beste egoera batean geunden: pandemiaren osasun larrialdi betean, kaleko jarduna oso mugatua geneukan… Euskaraldiak ere nabaritu zuen, lehengoarekin konparatuta apalagoa izan zen. Hirugarren honen testuingurua 2018koaren antzekoagoa izan daiteke. Eta galderak: Nola aterako ote da? Zenbat jende hurbilduko da? Baina kopurua baino inportanteagoa da parte hartuko dutenek zenbateko aldaketa egitea lortuko duten. Euskaraldiaren helburua ez baita horrenbeste jende kopuru handiak erakartzea, baizik eta hizkuntza ohituren aldaketa hori bultzatzea eta eginaraztea.
Kale erabilera neurketak berresten du halako ariketak beharrezkoak direla.
Hori da. Aurten eta datozen hilabeteetan ere jasoko ditugu euskararen osasunari buruz hainbat adierazleren emaitzak. Uda aurretik aurkeztu zen Euskal Herriko kaleko erabileraren neurketaren emaitza. Geroztik hainbat eskualdetan eta udalerritan aurkeztu dituzte emaitzak. Laster espero dugu Euskal Autonomia Erkidegoan mapa soziolinguistikoaren emaitzak izatea. Beraz, herriz herriko ezagutzaren eta etxeko erabileraren datuak jasoko ditugu. Aurreraxeago Nafarroako mapa soziolinguistikoaren datuak ere izango ditugu, eta inkesta soziolinguistikoa ere bai. Beraz, sakon aztertu beharreko datu multzo oso zabala izanen dugu. Baina bai, egia da aurreko urteetako azterketek eta aurten argitaratu den kaleko erabileraren neurketak ere joera bat erakusten digutela: kaleko erabilera, erabilera soziala, eguneroko erabilera informal hori hortxe dagoela. 2000ko hamarkada inguruan gora egin zuen, 2010eko hamarkadan jaitsiera, eta 2021eko neurketak 2016koaren emaitza bera eman du Euskal Herrian.
Baina…
Datuek argi esaten digute badaukagula zertan eragin; eta zertan eragin, eremu askotatik. Euskaraldia ariketa oso interesgarria da, hizkuntza ohiturak direlako dauzkagun erronketako bat. Baina Euskaraldiari ere ezin zaio eskatu, eta Euskaraldian parte hartuko duten herritarrei ere ezin zaie eskatu, euskararen gaitz guztiak 15 eguneko ariketa horrekin sendatzea. Euskaraldiari garrantzia handia eman diogu eta egin dezagun ariketa hori. Ahal dugun gehienok eta ahal dugun hobekien. Baina beste eremu askotan ere eragin beharra daukagula ahaztu gabe.
Zergatik sortu zen Euskaraldia?
Abiapuntuan hainbat faktore daude. Batetik, aipatutako geldialdi zantzuak. Ari gara pauso batzuk ematen, batez ere euskararen ezagutzan. Baina erabileran eragiteko beste zerbait berriaren beharra nabari da. Behar bat zegoen. Bestetik, aurretik hizkuntza ohituren inguruan ariketa interesgarriak egin ziren. Lutxo Egiak, Bilbon, egun batzuez gaztelaniaz jakingo ez balu bezala bizitzeko ariketa egin zuen. Ondoren, Donostiako Egia auzoan, Agurainen eta Lasarte-Orian egin ziren. Beraz, herrigintzatik eta euskara elkarteetatik ari ziren sortzen norbanakoen ohituretan eragiteko ariketak. Horren aurretik, alde teorikotik ere ari ziren garatzen horrelako egitasmoak, Soziolinguistika Klusterraren bidez Aldahitz ikerketan, Pello Jauregi buru zela. Hiru erpin uztartu ziren: datuek mahai gainean jarritako beharra, herri ekimenetik sortutako tokian-tokiko ariketak eta ariketa horien euskarri teorikoa.
Izena emateko garaia da eta bada jende bat, «bai, baina…» esaka ari dena. Zergatik eman beharko luke izena?
Euskaraldia ez da hutsetik abiatuko den zerbait herritar euskaldun gehienondako. Aurreko bi urteetako esperientzia eta balantzea ditugu. Baina norberaren bizipenek ere eragin handia daukate Euskaraldiarenganako jarreran. Gutxienez bi aldetako herritarrak dauzkagu. Batetik, Euskaraldian parte hartu dutenak eta lortu dutenak, gehiago edo gutxiago, hizkuntza ohiturak aldatzea. Izan daiteke hurbileko pertsona batekin, ezezagunekin edo lehen hitza euskaraz egiteko ohitura handiagoa hartu dutelako. Badira ere aurreko bi Euskaraldietan aldaketa esanguratsurik lortu ez zutenak, edo behintzat ez zuten sumatu beren jarduna edo bere inguruaren jarduna asko aldatu denik. Horrek asko eragiten du hirugarren Euskaraldian, norberak dauzkan espektatibetan edo duen itxaropenean. Izena emateko alferkeria daukatenei esan behar zaie, batetik, ariketa sozial honetan garrantzitsua dela norberak egiten duenaz gain taldean, modu babestuan, egindakoa. Guretzako ari gara, baina besteak laguntzeko ere bai. Gure buruari ariketa jartzeaz aparte, zenbat eta jende gehiagok paparrean txapa eraman, orduan eta errazagoa izanen da ariketa besteendako. Izena ematea ariketa pertsonala izateaz aparte, ariketa kolektiboa da. Konpromiso bat kolektiboki azaltzeko modua ere bada.
Beharbada komeni da aldez aurretik helburu jakin batzuk zehaztea?
Euskaraldiaren atarian norberak hausnarketatxo bat egitea garrantzitsua da: «badatoz 15 egun hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko. Beraz, non jarriko dut nik arreta? Zertan daukat aukera hizkuntza ohituretan aldaketa bat egiteko?». Emaitza egoki baloratzeko norberak ariketa hori egin behar du: ikusi non dauzkan hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko aukerak edo premiak. Biak izan daitezke, aukerak edo premiak. Egin dugun gogoeta horretan oinarrituta, egunak aurrera doazen eran, garrantzitsua da ikustea aldaketa lortzen ari naizen edo ez, zergatik ez naizen lortzen ari… Izan dadila ariketa kontziente bat. Oso garrantzitsua da kontziente izatea ariketa hasi aurretik, ariketa egin bitartean eta ondoren, azkeneko egunean daukagun pertzepzio hori ahalik eta errealistena izan dadin. Denoi azalduko zaigu, gehiago edo gutxiago, aldaketak egiteko aukeraren bat. Lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia, esate baterako. Euskaraldiak ekarri du eta jarraitu behar du ekartzen. Euskararen ezagutzan aurrerapauso handia egiten ari gara, baina ez dakar automatikoki erabilera handitzea. Horretan lehen hitzak inportantzia handia dauka, hizketaldia zein hizkuntzatan hasten dugun. Lehen hitza euskaraz egitearen garrantziak txanponaren bi alde ditu: lehen hitza euskaraz eginda lortuko dut nik euskaraz gehiago egitea, baina gainontzekoei euskara eskainiko diet. Gainerakoei lehen hitza euskaraz egiten baldin badiet, euskarara gonbidatuko ditut.
Ur tantek itsasoa sortzen dute.
Hori da. Ariketa pertsonala baina kolektiboa da. 2018an Euskaraldi batzordeetan inork gutxik zekien zenbatek emanen zuten izena, edo kalean zenbateraino ikusiko ote zen Euskaraldia. Eta 225.000 lagunek eman zuten izena. 2020ko egoera gogor hartan ere jende askok eman zuen izena: 180.000 inguru. Euskaraldiak muga bat dauka: gutxienez euskararen ulermena eskatzen delako belarriprest eta ahobizi rola izateko. Euskal herritar guztiek ezin dute parte hartu. Azkeneko datuen arabera, 16 urtetik gorako herritarren %55 dira, gehiengoa. %45 da Euskaraldian parte hartzeko gai, gutxi gorabehera 750.000 lagun. Horietatik 225.000k modu kontzientean izena eman zuten ariketa honetan. Beraz, testuingurua inportantea da. Portzentajea begiratuta, aukera zuten herritarren ehuneko oso esanguratsuak eman zuen izena. Eta aurten ere espero dugu jendeak emango duela izena. Eta kopuruetatik eta zifretatik harago, inportantea da ariketa hori modu kontzientean eta ahal den aldaketarik handiena lortzeko asmoz egitea.
Zergatik da garrantzitsua Euskaraldia hirugarrenez egitea?
Badauzkagu hutsuneak eta indarguneak. Hutsunea kaleko eguneroko erabileran sumatzen dugu eta hor badaukagu eragiteko premia bat. Erabilera bultzatzeko ariketa bat da Euskaraldia. Bestetik, euskararen aldeko kanpaina asko egin izan dira herri honetan. Aldekotasuna erakustetik harago, Euskaraldiaren proposamena da ariketa praktiko bat egitea: ahal den leku guztietan euskaraz egitea. Horrek badu garrantzia. Gainera, euskaldunok elkartzeko, euskaldunok hemen gaudela esateko modu bat ere bada. Bai euskaldunoi, hemen gaude, ari gara, badaukagu nahia, eta egingo dugu denon artean. Baina baita ere erdaldunei begira, populazioaren gehiengoari begira. Milaka lagunek parte hartzen duten ariketa bat baldin bada, erdaldunek ikusiko dute jendea txaparekin, hedabideetan presentzia bat ikusiko dute. Haiek ere ikus dezatela hemen euskaldunak badirela eta badagoela herri gogo bat euskararen erabilera benetan bultzatzeko. Horri ere erreparatu behar zaio, batez ere Euskal Herriko testuinguru soziolinguistiko erdaldunagoetan. Esate baterako, hiriburuak. Hor txapak dauka inportantzia erabilerari begira, lehen hitzari begira, hizkuntza estresari begira, baina baita erdaldunei begira ere.
Zer lortu da orain arte?
Ikerketek erakutsi dute ariketan parte hartu dutenen ehuneko esanguratsu batek lortzen duela hizkuntza ohitura batzuk aldatzea. Erronka izango da aldaketa horri ea nola eusten diogun denboran aurrera egin ahala. Baina lorpenetan, lehenik eta behin ariketa bera antolatu izana aipatu behar dugu, euskaltzaleak nola mobilizatu diren ariketa hau posible egiteko. Gizarte ehun hori nola indartu, nola elikatu erronka bat da. Nazio ikuspegia ere aipatu behar da. Euskal Herrian, zoritxarrez, ez dauzkagu ekimen eta ariketa asko Euskal Herri osora hedatzen direnak, eta Euskaraldia horietako bat da. Hizkuntza normalizazioaren ikuspegitik mahai-gainean beste ikuspegi batzuk jarri ditu: lehen hitzarena edo ulermenarena. Hau da, ez da euskaraz hitz egiten badakizun ala ez dakizun, tartean beste kolore batzuk ere badaude. Badagoelako hemen populazio multzo gero eta handiagoa euskaraz hitz egiteko nola-halako gaitasuna eduki badaukana. Badaukate gaitasuna euskaraz ulertzeko eta, beraz, horiek ere izan dezakete euskaldunen erabilera errazteko rol bat, erdarara ez pasatzea.
Orain arte izandako lorpenak ikusgarriak dira?
Erronka batzuk dauzkagu. Euskalgintzan askotan sumatu dut, aurreko urte batzuetan ere, nahi eta ezin bat, eta horrek ekartzen digu ezkortasun giro bat. Ez dut esango ezkortasun horretarako motiborik ez dagoenik, baina uste dut gure diagnostikoetan tentuz jokatu behar dugula. Hau da, ikusi behar dugula benetan errealitatea zein den. Esate baterako, askotan mantra baten gisan errepikatzen den kontu bat da euskararen ezagutza gora doala eta erabilera ez. Horrela esanda ematen du euskaldunek euskararekiko gero eta atxikimendu txikiagoa daukatela edo euskaldunek ez dutela euskaraz egin nahi. Horrelako esaldiak formulatzen ditugunean interpretazio okerretarako bidea ematen du, eta ezkortasunerako bide bat ere ekartzen digu horrek. Erabileraren auziari dagokionez, kontuan izan behar dugu testuingurua zein den. Alegia, ezagutza gora doa. Horrek ez dakar zuzenean erabilerarik. Ikusi behar dugu harreman sareak nolakoak diren, euskaldunen hizkuntza ohiturak eta erraztasuna nolakoa den, gaitasuna nolakoa den… Beraz, mahai gainean hainbat alderdi jarri behar ditugu daukagun diagnostiko hori ahalik eta osatuena izan dadin, eta zuzenean etsipenera joan ez daitezen. Bestetik, Euskaraldiak balio behar digu euskaldunoi hemen gaudela esateko. Bai geure buruari esateko: hemen gaude, bagara, izan nahi dugu eta bagara nor hemen elkarrekin. Inguruko ariketa bat eta aldarrikatuko dugu hemen euskaraz bizi nahi dugula eta euskaraz bizitzeko ahalegina egingo dugula. Bestalde, Euskaraldiari ere ezin diogu gure gaitz guztiak sendatzeko eskatu, ezin dugu denaren salbazio gisa irudikatu. Ez da hori. Euskaraldiaz aparte, badauzkagu eragin beharreko eremuak: hizkuntza eskubideak, aisialdia, Hezkuntza… Euskaralditik harago doazen erronka horiek ezin ditugu mahai gainetik kendu.
Edizio honetan zer lortu nahiko zenuke zuk, Garikoitz?
Oraindik ez dut zehaztu. Aurrekoan egin nuen neure hutsuneen azterketa, eta Euskaraldia hark lagundu zidan, esaterako, hasieratik lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz gehiago ohartzeko. Lehen hitza hasieratik euskaraz egitea, erreparatu gabe aurrean dudanaren azal kolorea, itxura edo beste pertsona batekin erabili duen hizkuntza zein den. Ate asko zabaltzen ditu lehen hitza euskaraz egiteak eta sorpresa asko ere hartzen dira.