Euskaraldia

Pantailaldia, euskerazko ikusentzunezkoen kontsumoa areagotu eta muga eta gabeziak agerian uzteko ariketa

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 12a, 00:00

Pantailak Euskaraz ekimenak antolatuta, atzotik azaroaren 18ra bitarte egingo dute. Hainbat ekintzailek euskerazko ikusentzunezkoak soilik kontsumituko dituzte, eta horien berri eman sare sozialetan zein komunikabideetan.

Hainbat ariketa kolektibo izango dira datozen asteotan, Euskaraldiaren inguruan; eta ikusentzunezkoekin lotuta ere egingo dute bat: Pantailaldia. Atzo hasi zen, Pantailak Euskaraz ekimenak antolatuta, eta azaroaren 18ra bitarte egingo dute. 

Bi helburu nagusi izango ditu Pantailaldiak. Batetik, euskerazko ikusentzunezkoen kontsumoa areagotu nahi dute: ohitura zabaldu nahi dute kontsumitzeko telebistan, zinean, streaming plataformetan, YouTuben edota bideojokoetan dauden euskal sortzaileen lanak zein euskeratutako nazioarteko lanak. «Pantailetan kontsumitzen dugunak eragin zuzena du gure hizkuntza ohituretan, eta beraz, herritarrak euskerazko edukiak hautatzera bultzatu nahi ditugu», adierazi dute ekimenaren antolatzaileek.

Eta bestetik, agerian utzi nahi dituzte «euskaldunok ikusentzunezkoak euskeraz kontsumitzeko dauzkagun mugak eta gabeziak». Zentzu horretan, diote «oso baxua» dela euskeraren presentzia pantailen munduan: «astebetez egingo dugu saiakera, soilik euskerazko ikusentzunezkoak kontsumitzeko, horretarako dauzkagun zailtasunen eta bizi dugun diskriminazioaren kontzientzia hartzeko, eta azaleratzeko euskerak estrategia berriak behar dituela ikusentzunezkoetan, erakundeen aldetik».

 

Herritarrei Pantailaldiarekin bat egiteko deia, #pantailaldia traola erabiliz

Bi partehartze maila izango ditu ekimenak. Alde batetik, izango dira Pantailaldiaren ekintzaileak, Euskal Herriko txoko ezberdinetakoak. Haiek, aste honetan zehar, euskerazko ikusentzunezkoak soilik kontsumitzeko hautua egingo dute, eta euren esperientziaren berri emango dute egunero, sare sozialetan zein komunikabideetan: zer kontsumitu duten, zein bideojokotan aritu diren, zein sare sozialetan, zein zailtasun topatu dituzten, non edo zertan ezin duten euskeraz ikusentzun...

Eta bestetik, egongo dira Pantailaldiarekin bat egiten duten herritarrak. Herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko deia, eta izena eman daiteke pantailakeuskaraz.eus webgunean, formulario bat beteta. Partehartzaileek, beren sare sozialetan partekatuko dituzte bizitako esperientziak, #pantailaldia traola erabilita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!